Sentzazio gazi-gozoak Bilbao Miners taldeentzat

Atzo, ekainak 13 jokatutako Bilbao Jokoan 3×3 by Bilbao Basketeko jardunaldian, gizonezkoen zein emakumezkoen Bilbao Miners White eta Black taldeek beren multzo-faseko partidak jokatu zituzten; emakumezkoen kasuan, gainera,  final-laurdenetako partida jokatzeko aukera ere izan zuten.

Gizonezkoen Bilbao Miners Black taldeak ez zuen zortea alde izan. Horren erakusle da Milan U23 taldearen aurka luzapenean jasotako 16-17ko porrota. Luzapenean Bilbokoek abantaila zuten arren ,bi puntu saskiratzen dituen lehen taldeak irabazten baitu, italiarrek bi puntuko saskiratzea lortu zuten irabazteko. Bigarren partidan, berriz, porrot gogorra jaso zuten Ointxe! talde arrasatetarraren aurka (21-12), eta final-laurdenetara sailkatzeko aukera guztiak galdu zituzten, gainera, azken neurketa galdu zuten ere.

Gizonezkoen Bilbao Miners White taldeak, bestalde, lehen partida Valencia Basket taldearen aurka galdu zuen, nahiz eta gogoz borrokatu ziren amaierako 21-16ko emaitzara heltzeko. Hala ere, bigarren norgehiagoka irabaztea lortu zuten, 17-11, NRW Connect talde alemaniarraren aurka. Azken neurketan zuten final-laurdenetara sailkatzeko aukera, une horretara arte jokaturiko bi partidak irabazi zituen Gargzdai talde lituaniarraren aurka. Minerrek 21-8 galdu zuten lituaniarren aurka.

Emakumezkoen txapelketan, Bilbao Miners Black taldeak garaipenak lortu zituen multzo-fasean jokatutako bi neurketetan. Bi partidetan 6 puntuko aldea lortu zuten, nahiz eta markagailuak oso desberdinak izan. Lehen norgehiagokan, 19-13ko markagailua eskuratu zuten NYX 3×3 Araba taldea garaitzeko, bigarren neurketan, aldiz, markagailua laburragoa izan zen, eta Minerrek 10-4 irabazi zioten 3G Valladolid 3×3 taldeari, multzoko lehen postuan sailkatuta final-laurdenetarako txartela lortuz.

Bilbao Miners White taldeari, berriz, gauzak okertu zitzaizkion eta ezin izan zuen jokatutako bi neurketetatik bat bera ere irabazi. Lehen norgehiagokan, PBL LasRozas 3×3 taldearen aurka, 16-9ko porrota jaso zuten. Bigarren neurketan, 15-7 galdu zuten Ointxe! taldearen aurka. Hala ere, hirugarren partida bat jokatzeko aukera izan zuten Loiola Indautxuko nesken aurka, bederatzi taldeetatik azken sailkatua nor zen erabakitzeko. Minerrek irabazi zuten eta, horri esker, final-laurdenetara sailkatu ziren.

Final-laurdenetan emakumezkoen bi taldeek elkarren aurka aritzeko zorte txarra izan zuten, honek finalerdietara talde bakarra sailkatzeko aukera ematen baitzuen. Neurketa 11-9 bukatu zen eta Bilbao Miners Black izan zen finalerdietarako sailkatu zena.