2007-08 sasoian, taldeak kalitate jauzi bat egin zuen, Marcelinho Huertas buru zela, oso sasoi ona eginez. Urte horretan, Bilbao Basketek sailkapenaren lehen postuan bukatu zuen lehenengo buelta, Erregearen Kopako finalaurrekoetan galdu zuen, eta ligako Play Offak jokatu zituen. 2009. urtean, Bilbao Basketen partida guztiak BECera eraman ziren eta, aurreneko aldiz, taldeak Eurocupen jokatu zuen eta finalaurrekoetara iritsi zen.
Urtez urte, taldea finkatuz joan zen, harik eta 2010-2011ko sasoian, Fotis Katsikaris etorrerarekin eta Alex Mumbrú, Aaron Jackson, Marco Banic eta Axel Hervelleren moduko jokalariekin, Bilbao Arena Bilbao Basketen egoitza bihurtu zen arte. Sasoi horretan, ligako Txapeldunordea izan zen taldea, eta horrek ahalbidetu zioen Euroligako sasoi bakarra jokatzea.
2011-2012ko sasoia Euroligako gau gogoangarriez beteta egon zen Miribillan. Bilbao Basketek lortu zuen Baskoniaren moduko taldeak txapelketatik kanpo uztea, eta Final Fourren atean geratu zen, CSKA Moskuren aurrean, etxean irabaztea lortu ondoren, Kirilenkok gidatzen zuen taldea izarrez josita egon arren.
Urte haietan, Fotis Katsikarisek taldea gidatuta, playoffera iristea lortu zuten beti, eta Erregearen Kopak jokatu ziren.
2012-2013koan, taldeak lortu zuen Eurocupen finalean sartzea, Charleroin (Belgika), Errusiako Lokomotiv Kuban taldearen aurka. Final horretarako, 2.000 zale baino gehiago mugitu ziren, guztiok gogoratuko dugun egun eder batean.
2013-2014ko sasoia oso sasoi zaila izan zen klubarentzat. Rafa Pueyok (oraingo Kirol Zuzendaria) taldearen ardura hartu zuen, aurreko urteetan hartutako zorrak baldintzatuta; izan ere, zor horrek taldearen errendimendua balaztatu zuen bai urte horretan eta bai hurrengoetan. Álex Mumbrú, Raül López edo Axel Hervelleren moduko jokalariek profesionaltasun lezio bat eman zuten, eta kirol arloan sasoia modu onean bukatzea lortu zen.
Urte horren ostean, Sito Alonsok taldearen ardura hartu zuen bi sasoian, eta oso jokalari onak zituen talde bat osatzea lortu zuen; hala, lehenengo urtean Endesa Ligako laugarren postuan bukatzea lortu zen, baina hurrengo urtean ezin izan zen playoffean sartu.
2016-2017ko sasoian, Raül Lópezek kirol zuzendaritza hartu zuen eta Carles Duran taldea gidatzeko iritsi zen, plantillaren berregituraketa handi batekin batera.