Bilbao Jokoan 3×3 by Bilbao Basket ekitaldiaren arrakasta asteburuan zehar Etxebarria parkean elkartu ziren milaka pertsonetan neur daiteke. Adin guztietako 10.000 lagun baino gehiago gerturatu ziren ekitaldira, parte-hartzaile, senide, bidelagun eta bisitarien artean.
Ehun bat pertsona elkartu ziren ostiralean Bright Martinsek zuzendutako eta Willjet nahiz Blackmanek egindako mate erakustaldian. Gainera, ekitaldiak ustekabeko parte hartzaile bat izan zuen: Eneko Salinero, Bilbao Miners Black taldeko jokalaria, pare bat aldiz animatu baitzen saskia birrintzera. Arrakasta bera izan zuen hiruko jaurtiketen txapelketak, 70 bat jokalari animatu baitziren parkeko jaurtitzaile onena izaten saiatzera, eta 100 bat lagun aritu ziren animatzen.
Ostiraleko iluntzean Tatta eta Bengok ,azken aldian euskal musikan gehien entzuten diren izenetakoak, eskaini zituzten kontzertuek entzule asko bildu zituzten. Bi abeslari gipuzkoarrek erakarritako jendea, gerora, gauean jokatu ziren partidak ikustera geratu ziren, bestalde, saskibaloia ikustera nahiz jokatzera etorritako hainbat pertsona, berriz, kontzertuak entzutera gerturatu ziren, jai-giro paregabea sortuz.
Saskibaloi txapelketei dagokienez, arazorik gabe gauzatu ziren, asteburu osoan izan ziren tenperatura altuak kontuan hartuta ere. Gizonezkoen PRO kategorian Hangzhou talde txinatarra izan zen txapeldun, Gargzdai talde lituaniarra garaitu ostean, Marseillako World Tourrerako sailkapena lortuz. Emakumezkoen PRO kategorian Ointxe! talde arrasatearra izan zen txapeldun, 3G Valladolid 3×3 taldeari irabazita. Bilbao Miners taldeen artean txapelketa onena gauzatu zuena emakumezkoen Bilbao Miners Black taldea izan zen, finalerdietara heldu, eta txapeldunen aurka galdu zuten. Gainera, gurpildun aulkiko 3×3 saskibaliiko Espainiako azken fasea jokatu zen, bertan Bidaideak Bilbao txapeldun izan zen AMIAB Albacete garaitu ostean, eta CD Ilunion Madrilek hirugarren pstua lortu zuen


