Surne Bilbaoko hainbat jokalarik FIBAren leihoetako partidak jokatuko dituzte egunotan beren selekzioekin. Zehazki, Tryggvi Hlinason, Adam Somogyi eta Martin Krampelj 2027ko Munduko Txapelketako sailkapen fasean arituko dira. Bestalde, Harald Freyk ere nazioarteko konpromisoa izango du Norvegiako selekzioarekin, baina bere kasuan ez du Munduko Txapelketarako sailkapenik jokatuko, 2029ko Europako Txapelketarakoa baizik.
Tryggvi Hlinason pibotak J multzoko neurketa garrantzitsuak jokatuko ditu Islandiako selekzioarekin. Multzo guztietan, lehen hiru taldeek lortuko dute Munduko Txapelketarako txartela. Une honetan, Islandia bosgarren postuan dago hiru garaipen eta hiru porroteko balantzearekin (3-3), Lituaniarekin berdinduta. Aurretik Turkia, Italia eta Serbia dituzte, eta ezinbestekoa izango zaie garaipenak pilatzea hirugarren postura hurbiltzeko. Horretarako, abuztuaren 28an Serbiaren aurka jokatuko dute etxetik kanpo, eta abuztuaren 31n multzoko liderra den Turkia jasoko dute etxean.
L multzoa da Europako sailkapeneko berdinduena, eta bertan Surne Bilbaoko bi jokalari arituko dira elkarren aurka. Frantzia eta Finlandia daude lehen bi postuetan, baina hirugarren posturako lehia bizia da: Estonia, Suedia, Eslovenia eta Hungaria hiruna garaipen eta porrotekin (3-3) berdinduta baitaude. Martin Krampeljen Eslovenia bosgarren dago orain, eta abuztuaren 27an Frantzia liderra bisitatuko du.
Adam Somogyiren Hungariak, seigarren postuan egonik, abuztuaren 27an Estonia jasoko du, aurkari zuzen baten aurkako norgehiagokan. Bi jokalarien bideak abuztuaren 30ean gururutzatuko dira, Hungariak Esloveniara bidaiatuko baitu. Neurketa hori oso berezia izango da, Somogyi eta Krampelj taldekideak aurrez aurre arituko baitira sailkapenerako hil ala bizikoa izango den partidan.
Azkenik, Harald Frey antolatzaileak Norvegiako selekzioaren gidaritza hartuko du berriro. Hlinasonek, Somogyik eta Krampeljek ez bezala, Freyk ez du Munduko Txapelketarako bidean jarraitzen. Horren ordez, norvegiarrek Europako Txapelketarako sailkapen faseko partidak jokatuko dituzte leiho hauetan. Ildo horretan, Norvegiako selekzioak abuztuaren 30ean jokatuko du Txekiar Errepublikaren aurka, etorkizuneko Europako txapelketa gorenean egoteko helburuarekin.
- Tryggvi Hlinason:
- Serbia-Islandia (Abuztuak 28, 20:00)
- Islandia-Turkia (Abuztuak 31, 21:30)
- Martin Krampelj:
- Frantzia-Eslovenia (Abuztuak 27, 20:30)
- Eslovenia-Hungaria (Abuztuak 30, 20:00)
- Adam Somogyi:
- Hungaria-Estonia (Abuztuak 27, 18:00)
- Eslovenia-Hungaria (Abuztuak 30, 20:00)
- Harald Frey
- Txekia-Norvegia (Abuztuak 30, 17:30)


