Tryggvi Hlinasonek (Islandia), Adam Somogyik (Hungaria), Martin Krampeljek (Eslovenia) eta Harald Freyk (Norvegia) protagonismo handia izan dute beren talde nazionalekin, nahiz eta sailkatze bideak emaitza desberdinak utzi dizkien.
Nazioarteko partiden leiho honek, Surne Bilbao taldeko lau jokalariri parte hartze zuzena eman die Europako sailkatze faseetan: Tryggvi Hlinasonek Islandiarekin, Adam Somogyik Hungariarekin eta Martin Krampeljek Esloveniarekin (2027ko Munduko Txapelketarako bidean), eta Harald Freyk Norvegiarekin (2029ko Eurobasketeko aurresailkatze fasean). Laurek paper azpimarragarria izan badute ere, bakoitzaren selekzioaren etorkizuna egoera desberdinean geratu da.
Tryggvi Hlinason pibota ez da gaizki ibili Islandiako selekzioarekin. Turkiaren eta Serbiaren aurkako neurketa gogorretan. Turkiaren aurka, Hlinasonek 7 puntu, 9 errebote eta 3 asistentzia eta txapela bat lortu zituen, 10eko balorazioarekin. Serbia ahaltsuaren aurkako neurketan ere maila bikainari eutsi zion: 14 puntu eta 2 errebote lortu zituen talde serbiarraren barruko jokalari indartsuen aurrean. Nahiz eta bi partidetan lehiakor aritu, Islandiak garaipena eskuratzea lortu gabe amaitu du leiho hau. Ondorioz, talde nordikoak bere multzoko azken postuetan jarraitzen du, eta Munduko Txapelketara sailkatzeko aukerak nabarmen zaildu zaizkio.
Adam Somogyi antolatzaileak itxura sendoa erakutsi du Hungariako selekzioarekin jokatu dituen bi partidetan. Esloveniaren aurkako partiduan, nahiz eta hungariarrek neurketa galdu, Somogyik 5 puntu, 3 asistentzia eta errebote bat lortu zuen. Bigarren neurketan, Estoniaren aurka, hungariarren erantzuna iritsi zen. Partida taktiko eta estu batean, antolatzaileak 3 puntu, 5 asistentzia eta 6 errebote bildu zituen, taldearen jokoa bideratuz une erabakigarrienetan. Estoniari irabazita, Hungariak bizirik jarraitzen du sailkatze borrokan. Txapelketako hurrengo fasera igarotzeko eta Munduko Txapelketarako ametsari eusteko aukera guztiak zabalik dituzte hungariarrek, multzoa izugarri berotuz.
Martin Krampeljek ere pisu handia izan du Esloveniaren barruko jokoan. Frantzia potentziaren aurka neurketa oso fisikoa jokatu zuen Surne Bilbaoko pibotak: 10 puntu, 3 errebote eta lapurketa bat lortu zituen Frantziako jokalari boteretsuen aurka borrokan. Hungariaren aurkako neurketan Krampeljek zenbaki apalagoak lortu zituen; 2 puntu eta 2 errebote batuz talde esloveniarraren garaipenean. Garaipen honekin, Esloveniak multzoko lehen postuetan sendo jarraitzen du..
Harald Frey 2029ko Eurobasketeko aurresailkatze fasea jokatzen aritu da Norvegiako selekzioarekin. Txekiaren aurkako norgehiagoka gogorrean, talde nordikoak 108-97 galdu zuen azkenean, partida luzapenera iritsi ondoren ,bertan 18-7ko partziala jasan zuten. Porrota jaso arren, Frey taldeko liderra izan zen eta sekulako maila erakutsi zuen: 31 puntu eta 29ko balorazioa lortu zituen bere taldea gidatuz, 4 errebote eta 6 asistentzia gehituz aurreko zenbakiei. Emaitza honen ondoren, Norvegia G multzoko hirugarren postuan kokatu da.


