Surne Bilbaok eta Recoletas Salud San Pablo Burgosek igande honetan neurtuko dituzte indarrak Bilbao Arenan, 18:00etan (DAZN), Endesa Ligako hirugarren jardunaldiko partidan. Bi taldeak 1-1eko balantzearekin datoz ligan. Horrez gain, biak astean zehar Europako txapelketetan aritu dira, nahiz eta txapelketa desberdinetan izan. Bilbokoak Igokea m:tel talde bosniarra etxetik kanpo 79-92 garaitzetik datoz; burgostarrek, berriz, Tesalonikako Arisen aurka porrota jaso zuten 93-80.
Beltzezko gizonek jokatutako azken neurketan, Tryggvi Hlinasonek eta Darrun Hilliardek ez zuten parte hartu, talde bosniarraren aurka bi jokalariak zaintzeko neurriak hartu baitziren. Endesa Ligako azken norgehiagokan, Jaume Ponsarnauren mutilek Leyma Coruñaren aurka galdu zuten, lehia berdindu baten ostean. Partida luzapenera joan zen, eta, azken erasoan, Bilbokoek bigarren luzapen bat lortzeko aukera izan zuten eskuetan, baina azken jaurtiketa huts egin ostean, 104-101 amaitu zen neurketa, talde laranjaren alde. Lehia horretan, Tryggvi Hlinason pibot islandiarra izan zen beltzezko gizonetan balorazio onena lortu zuen jokalaria, 23 punturekin. Azken uneetan parte hartu ezin izan zuen arren, 10 puntu, 11 errebote eta 2 tapoi lortu zituen. Harald Frey antolatzaile norvegiarrak ere partida fina egin zuen: 13 puntu eta 5 asistentzia lortuta, balorazioko 16 puntu erdietsi zituen. Gainera, Darrun Hilliardek azken uneko jaurtiketa batekin luzapena behartu zuen, eta, Margiris Normantasekin batera, 15 puntuko balorazioa lortu zuen.
Recoletas Salud San Pablo Burgosek, bestalde, Endesa Ligan jokatutako azken jardunaldian garaipen landua lortu zuen etxetik kanpo, iLerna Lleida 81-94 mendean hartuta. Neurketa horretan, DJ Steward izan zen Burgosko jokalari nabarmenena. Antolatzaile estatubatuarrak 20 puntu, 6 errebote eta 3 asistentzia lortu zituen, balorazioko 20 puntu erdietsiz. DJ Steward ez zen bakarrik ibili, Chase Audigek eta Ziga Samarrek ere 20na puntuko balorazioa lortu baitzuten. Eskolta jamaikarrak 20 puntu eta 4 errebote eskuratu zituen; antolatzaile esloveniarrak, berriz, 14 puntu, 2 errebote, 5 asistentzia eta 2 lapurketa.
Beraz, bi taldeak bigarren garaipena lortzeko asmoz iritsiko dira igandean Bilbao Arenan 18:00etan (DAZN) jokatuko den partidara. Nahiz eta ligan zein Europan bi taldeek inertzia desberdinak ekarri, norgehiagoka elektrikoa espero da, aurredenboraldian erakutsi zuten bezalaxe. Neurketa bizitzeko sarrerak eskuragarri daude esteka honetan.


