Euskaltax Bilbao Basketek Joventut Badalona bisitatuko du ostiral honetan, U Ligako zortzigarren jardunaldiko neurketan, 20:15ean, Badalonako Palau Olímpic pabiloian. Badalonarra B multzoko bigarren sailkatu gisa helduko da neurketara, 4-2ko balantzearekin. Euskaltax Bilbao Basketek, aldiz, 2-4ko balantzea du ligan, eta badalonarren aurka sei puntugatik (74-80) galdu zuen Artxandan jokaturiko joaneko partidan, amaiera estu eta gogor baten ostean.
Euskaltax Bilbao Basketek bolada txarra eten zuen jokaturiko azken norgehiagokan Obradoiroren aurka. Bilbotarrek 79-63 garaitu zuten Compostelako Donejakueko taldea, hiru porrot jarraieko boladari amaiera emanez. Neurketa hartan Bingen Errasti izan zen beltzezko mutilen jokalari nabarmenduena. Arrasatekoak balorazioko 28 puntu erdietsi zituen, 17 puntu, lau errebote, zazpi asistentzia eta sei lapurketari esker. Bestalde, Oier Ibarrolak denboraldian izandako partidarik onena jokatu zuen; hamabi puntu eta zazpi errebote bilduta, balorazioko 16 puntu lortu zituen.
Joventutek ez zuen norgehiagokarik jokatu zazpigarren jardunaldian; hala ere, seigarrenean Unicaja Alhaurín de la Torre menderatu zuen 101-59. Eduardo Collek eta Daniel Osayik balorazioko 23na puntu lortu zituzten biek. Collek 21 puntu lortu zituen, eta jaurti zituen hiru hirukoak saskiratu zituen. Osayik, bere aldetik, 13 puntu, zazpi errebote, bi asistentzia eta bi lapurketa lortu zituen.
Joaneko norgehiagoka borrokatua izan zen, eta ez da bestelakorik espero itzulikoan ere, ostiralean Badalonako Palau Olímpic pabiloian 20:15ean jokatuko den partidan. Euskaltax Bilbao Basket azken garaipenari jarraikortasuna emateko asmoz helduko da Badalonara.


