Harmailez eta kantxa berriaz gain, bi gune bereiziko dira: bata Bilbao Basketentzat eta bestea gainerako klub eta taldeentzat.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziak ekitaldia aurkeztu dute, eta bertan izan dira Isabel Iturbe Surne Bilbao Basketeko presidentea, kirol zuzendaria eta jokalariak, Rafa Pueyo, Ludde Häkanson eta Alex Reyes, hurrenez hurren.
Aburtok azaldu duenez, behin pabiloia birmoldatu ondoren, Bilbao Basketek Bilbao Arenatik Artxandara eramango du bere entrenamendu-egoitza, eta Miribillako instalazioak soilik erabiliko ditu partidak jokatzeko. Aldaketa horri esker, Bilbao Arena gehiago egongo da hiriko jarduerak eta ekitaldiak hartzeko, eta Bilbao Basketek ez dio uko egin beharko une honetan duen entrenamendu-guneari, prestazio eta kalitate berarekin, Aburtok azpimarratu duenez.
Alkate bilbotarrak nabarmendu du, halaber, proiektu honek hirira ekitaldiak erakartzeko ditugun aukerak hobetzen dituela, hiri gisa aurrera egiten laguntzen digula, eta aukera bat dela astegunetan ere ekimenak hartzeko, eta hori zailagoa zela une honetan, erabilgarritasun faltagatik.
Azkenik, Juan Mari Aburtok azpimarratu du hiri osoari mesede egiten dion inbertsioa dela, eta Bilbao Basket bezalako klub batekin eta, oro har, saskibaloiarekin duen konpromisoari eusten diola.
PABILOIA HANDITZEA ETA BIRBANATZEA
Lanak datorren maiatzean hasiko dira eta 2023ko abuzturako amaitzea aurreikusten da. Guztira 2.477.488 euroko inbertsioa egingo da.
Birbanaketan, pabiloiak bi maila eta sarbideak izango ditu.
Proiektuak pabiloirako sarrera independente bat aurreikusten du, instalazioak dauden kanpoko plazatik irisgarria. Horrela, barruan egingo diren jarduerek ez dituzte kiroldegiko jarduerak oztopatuko.
-Kantxa: pabiloiaren gune nagusia saskibaloi-kantxa bat izango da, ACB ligako eta estatuko gainerako lehiaketetako lehiaketa-arauen arabera diseinatua. FIBAren eskakizunak ere kontuan hartu dira, eta aukera izanez gero, nazioarteko lehiaketak hartzeko aukera eman da. Harmailen azpian 3 aldagela jarriko dira, ACBkoak ez diren kategorietako taldeentzat eta epaileentzat. Gune horretan bertan, biltegiratzeko eta instalazioetarako lekua egongo da.
-Harmailak: kantxaren ondoan gutxienez 240 pertsonentzako lekua izango duen harmaila bat jarriko da, guztiz irisgarria eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat gordetako espazioarekin.
-Bilbao Basketentzako gunea: Bilbao Basketeko profesionalentzako interkonektatutako, sartzeko eta erabiltzeko espazio bat sortuko da, honako hauek hartuko dituena:
Aldagelak eta komunak,
Gimnasioa,
Fisioterapia-gunea,
Garbitegia eta biltegiak,
Gizarte-eremua
Eta erabilera anitzeko bi areto.
-Prentsa-aretoa: Bilbao Basketen gaurkotasuna jarraitzen duten komunikabideetako profesionalei lana errazteko edo instalazioetan egin daitezkeen hainbat ekitaldi estaltzeko, Pabilioiak prentsa-areto bat eta partidak eta lehiaketak emateko teknologia egokia izango ditu.
Gaur egun, pabiloiak 5.105 metro koadro hartzen ditu, eta birmoldaketa eginda, azalera 5.250 metro koadrokoa izango da; guztira, 5.971 m2-ko azalera eraikia geratuko da.