Surne Bilbaok agur esan dio urte askoan gogoratuko den denboraldi bati. Valencia Basketen aurka 71-88 galdu eta kanporaketan 0-2 geratu arren, zaleen oroimenean iltzatuta geratuko dira Endesa Ligako fase erregularrean lortutako zazpigarren postua eta FIBA Europe Cup txapelketa bigarren aldiz jarraian irabazi izana. Partidan, Tryggvi Hlinasonek beste saio gogoangarri bat osatu zuen, barneko jokoan nagusi izan baitzen;10 puntu, 10 errebote, txapel bat eta 19ko balorazioa lortuz. Bestalde, talde bilbotarra utziko duen Melwin Pantzarrek 11ko balorazioarekin esan zuen agur, 4 puntu, 8 errebote, 4 asistentzia eta 2 lapurketa bilduta. Valencia Basketen aldetik, barruko bi jokalari nabarmendu ziren estatistiketan: Nate Reuversek 14 puntu eta 5 errebote jaso zituen eta18ko balorazioa, eta Neal Sakok balorazio puntu berak lortu zituen, 11 puntu, 8 errebote, lapurketa bat eta tapoi bat erdietsita.
Lehenengo laurdenean, balentziarrek aurreko norgehiagokako mailari eutsi nahi izan zioten. Lehen minutuetan, etxekoen hutsek eta kanpokoen alde adierazitako faltek 3-13ko partziala eragin zuten. Jaume Ponsarnauk hutsartea eskatu zuen arte, talde bilbotarrak ez zuen erreakzionatzeko indarrik aurkitu, orduan, bi saskiratze lortu zituen jarraian,gainera, Stefan Lazarevicen eraso eta defentsa lan onak taldea bultzatu zuen. Hala ere, laurdena 16-22 amaitu zen Valencia Basketen alde.
Bigarren laurdena orekatuago hasi zen, bi taldeen saskiratzeei esker, markagailuko aldeak bere horretan jarraitu zuen minutu batzuez. Hlinasonek erreboteetan egindako lanak eta Martin Krampeljen bi hirukok taldeari eutsi zioten hainbat minututan. Hala eta guztiz ere, Pedro Martinezen mutilek min handia egin zioten beltzezko gizonei minutu bakar batean, 0-5eko partziala lortu zuten eta, Jaime Pradillak pilota bat lapurtu ondoren, 11 puntura zabaldu zuten aldea laurdenaren erdia igarota zegoenean. Atsedenaldira 37-47ko emaitzarekin iritsi ziren talde taronjaren alde.
Aldageletatik itzultzean, Valencia Basket indartsuago zelairatu zen, eta 4-13ko partzial bati esker, 17 puntuko aldea ezarri zuen bost minutu baino gutxiagoan. Surne Bilbaok ez zuen erreakzionatzeko indarrik aurkitu, eta aldea 21 puntura zabaldu zen une batean, talde valentziarraren eraso akatsgabeari esker. Ponsarnau lehen laurdenean bezala saiatu zen hutsarte batekin taldea suspertzen, baina horrek ez zuen lehengo eraginik izan, eta laurdena 49-71 amaitu zen.
Azken laurdenean, bilbotarrek bazekiten zail zutela partidari buelta ematea, eta burumakur ziruditen, hirukoak eta saskiratze zailak jaurti arren, ez zuten zorte handirik izan. Balentziarrak horretaz baliatu ziren partidaren erritmoa moteltzeko. Horren erakusle da partidaren amaierarako sei minutu falta zirenean jada lau falta egin izana. Hala ere, beltzezko gizonek ez zuten markagailuko aldea murrizteko indarrik aurkitu. Azken uneetan erasoek jario hobea zutela zirudien arren, jaurtiketak ez ziren erraz sartzen uztaitik. Aleix Fontek eta Harald Freyk hiru hiruko jarraian sartu zituzten arren, partida 71-88 amaitu zen, eta horixe izan zen denboraldiko azken norgehiagoka Surne Bilbaorentzat.


