Kanporaketako lehen norgehiagokan Valencia Basketen aurka 83-80 galdu ondoren, Bilbao Arenan 11 urtean jokatuko den lehen playoff partida irabazteko asmoarekin da Surne Bilbao . Bihar, 19:00etan (DAZN), Balentziako taldea izango dute berriz ere arerio Jaume Ponsarnauren mutilek.
Lehen neurketa bi taldeen bolada ezberdinei esker erabaki zen. Azken bultzada onak garaipena eman zion Valencia Basketi; izan ere, 14-0eko partzial batek, partida amaitzeko minutu pare bat falta zirenean, behar zuen indarra eman zion talde taronjari. Pedro Martinezek Braxton Key eta Jean Montero izan zituen jokalari onenak partida hartan. Dominikar Errepublikako antolatzaileak 17 puntu saskiratu, 2 errebote jaso, 4 asistentzia banatu eta 2 baloi berreskuratu zituen 26ko balorazioa lortuz. Hegal-pibot estatubatuarrak ere 17 puntu lortu zituen, 6 errebote jaso eta beste bi baloi berreskuratu 20ko balorazioa pilatzeko.
Ponsarnauk hau adierazi du biharko partidari begira: “Berriz hastea tokatzen zaigu. Denbora gutxi dugun arren, gauzak hobetu eta aztertu behar ditugu. Hala ere, berdin jarraitu behar dugu, %100 ematen, hori egin ezean, Valencia Basketek min handia egiten baitu”.
Ponsarnauren jokalarien aldetik, balentziarrei barnealdetik egin zitzaien arrisku gehien, eta zenbakiek hala berresten dute; Tryggvi Hlinason eta Bassala Bagayoko izan baitziren balorazio puntu gehien lortu zituztenak. Islandiarrak 12 puntu, 8 errebote, 2 lapurketa eta 2 tapoi lortu zituen 19ko balorazioa lortuz. Malikoak, bestalde, 8 puntu, 6 errebote eta 2 tapoi lortu zituen 17ko balorazioa lortuz. Bi nabarmenenak barruko jokalariak izan baziren ere, kanpoaldetik ez zen gaizki ibili talde bilbotarra, Harald Freyk, esaterako, lau hirukoetatik hiru saskiratu zituen ,horietako batean falta eta guzti jaso zuen.
Bilbotarrentzat denboraldiko azken partida izan daitekeen honetan, Ponsarnauk Bilbao Arena betetzeko eskatu die zaleei. Etxean taldea lehiakorragoa izatea eta aurtengo azken norgehiagoka ez izatea espero du, dena emango baitute partida aurrera ateratzeko eta kanporaketan berdinketa lortzeko.


