Surne Bilbao garaipenaren itsasertzean geratu zen bart Roig Arenan Valencia Basketen aurka 83-80 galdu ostean eta partida bukatzeko bost minutu faltan 13 puntu goitik egon eta gero. 11 urtean lehen aldiz playoffetara sailkatu ostean, Pedro Martinezen mutilen aurka partida oso serioa burutu zuten beltzezko gizonek partidako une askotan markagailuan gainetik ibilita. Jaume Ponsarnauren gizonek barrukaldetik min asko egin zuten, horren adierazle, Bassala Bagayokoren 8 puntuak, 6 erreboteak, 2 tapoiak eta balorazioko 17 puntuak eta Tryggvi Hlinasonen 12 puntuak, 8 erreboteak, 2 lapurketak, 2 tapoiak eta balorazioko 19 puntuak. Bi jokalariek lan galanta izan zuten Braxton Key, balentziarren hegal-pibotaren zein Jean Montero antolatzailearen barneraketak defenatseko. Hala eta guztiz ere, Keyk zein Monterok 17 puntu saskiratu zituzten bakoitzak, antolatzaileak balorazioko 26 puntu lortuz eta hegal-pibotak 20.
Lehenengo laurdena bi taldeen arteko boladaka joan zen. Lehen bolada ona bilbotarrek izan zuten, Margiris Normantas protagonista izanez. Lituaniarrak 8 puntu saskiratu zituen lehen unetan eta bi baloi berreskuratu, kanpoko taldea 2-10eko partzial batekin has zedin. Handik aurrera, talde taronjak erreakzioa izan zuen eta laurdena 18-19 bukatzera behartu zuen, besteak beste, Keyri esker.
Bigarren laurdena berdindua izaten jarraitu zuen, bazirudien Ponsarnauk zuzendutako taldeak partida bere eremura zeramala baina hala ere, Valencia Basketek ez zion Bilboko taldeari lidergotza nabarmena hartzen utzi markagailuan. Hlinasonek 6 puntu saskiratu zituen arren, balentziarren partetik 9 jokalarik lortu zituzten puntuak eta partida 35-35 joan zen berdinduta atsedenaldira.
Aldageletatik itzultzean uneraino agertu ez zen protagonista berri bat agertu zen, Bagayoko. Bere eraso zein defentsako lanari esker, Surne Bilbao laurdenean nagusitzeko gai izan zen eta hasieran izan zuten alde berdina berreskuratzeko gai izan ziren 11 punturainoko lidergoa lortuz ia laurdenaren amaieran. Harald Frey antolatzaile norvegiarrak 3+1eko jokaldi ederra lortu zuen. Guzti honi esker laurdena Bilbokoen aldera joan zen amaieran 55-62 joan azken laurdenera.
Amaierako laurdenean indartsu jarraitu zuten MIB-ek, izan ere, partida bukatzeko bost minutu falta zirenenean, Surne Bilbao 13 puntu goitik zen markagailuan. Une horretatik aurrera jaurtiketetan hutsek eta etxeko taldearen eraso gogorrek partidaari buelta eman zioten. Azken uneetan Justin Jaworskik partida berdintzeko hiruko bat sartu zuen eta epaileek bideo-analisi baten ostean lehenagoztik hirukoa kentzeko erabakia eta Hlinasoni egindako falta bat pitatzea erabaki zuten. Surne Bilbaok partida itzela eginda ere ezin izan zuen garaipena lortu Roig Arenan eta 83-80 bukatu zen Valencia Basket alde.


