Surne Bilbaok erronka handi bati hasiera emango dio asteazken honetan, 19:00etan (DAZN), Roig Arenan, Valencia Basketen aurka arituko baita play-offetan. Azken jardunaldian La Laguna Teneriferi 82-87 irabazi ostean eta sailkapeneko zazpigarren postua eskuratuta, bilbotarrek play-offetarako sailkapena lortu zuten lehen aldiz hamaika urtean, 19-15eko balantzearekin.
Jaume Ponsarnauri jokalariei buruz galdetu diotenean, honako hau adierazi du: “Jokalariak osasun aldetik ondo daude, beharbada pixka bat nekatuta, eta hori entrenamenduetan nabaritu da; baina ilusioz beteta daude. Badakigu erronka zaila dela, baina ez ezinezkoa; beraz, gure esku dagoen guztia egingo dugu”.
Pedro Martínezen mutilek denboraldi bikaina egin dute, sailkapenean bigarren bukatuz ,pasa den igandean Barça 77-102 garaitu ostean eta partida osoan zehar nagusi izanda, Jaime Pradilla eta Sergio de Larreak partida bikaina osatu ondoren. Pradillak bikoitz-bikoitza lortu zuen, 10 puntu eta 11 errebote eskuratuta eta 24ko balorazioa pilatuta. De Larreak, bestalde, 12 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia banatu zituen, 19ko balorazioa lortzeko. Ponsarnauk esan du valentziarren aurka %100a eman behar dela, hori ematen ez bada min asko egiten dizutela, eta %100a eman arren oraindik ere saskiratzeak asmatu behar direla.
Balentziarren aurkako azken partidan 88-83 gailendu zen talde taronja. Lehen zatian partidaren jaun eta jabe izan ziren, 47-29 joan baitziren atsedenaldira. Hala ere, Jaume Ponsarnauren gizonek buelta eman zioten une txarrari, eta hirugarren laurdenean markagailuan aurretik jartzea lortu zuten, Justin Jaworskiren hiruko jaurtiketen festa bati esker, nahiz eta amaieran partida etxean geratu zen. Gainera, Ponsarnauk gehitu du play-offetako partidari begira, Valencia Basketeko jokalari zein entrenatzaileek taldearekiko errespetua erakutsi dutenetik Surne Bilbaoren aukerak jaitsi egin direla, baina hori taldearen motibazioarentzat ona dela.
Martínezen mutilek denboraldi bikaina egin duten arren, izen nabarmenduenak Jaime Pradilla, Jean Montero eta Sergio de Larrea izan dira. Pradillak urtean zehar 10,4 puntu, 6 errebote eta 2,5 asistentzia banatu ditu partidako, 16,4ko balorazioa lortzeko batez beste, jokatutako 31 neurketetan. Gainera, Jean Montero antolatzaileak 14,2 puntu, 2,6 errebote, 3,8 asistentzia eta 1,2 lapurketa lortu ditu partidako, batez besteko 16ko balorazioarekin. De Larreak, bere aldetik, 9,7 puntu, 3 errebote eta 3,7 asistentzia banatzea lortu du, partidako 12,9ko balorazioarekin. Ponsarnauk nabarmendu nahi izan du talde taronjak Europako baliorik onenetarikoak dituela defentsa-lanetan, eta horrek partida nabarmen zailtzen duela.
Bihar hasiko da, beraz, Surne Bilbaorentzat hamaika urtean lehen aldiz play-offetako erronka Roig Arenan, 19:00etan (DAZN), Valencia Basketen aurka. Hiru partidatik bi irabazten dituena sailkatuko da finalerdietara, Kosner Baskoniaren edo Asisa Joventuten arteko kanporaketako irabazlearen aurka jokatzeko.


