Finalerdiekin hasi da gaurko jardunaldia emakumezkoen PRO kategoriako Bilbao Jokoan 3×3 by Bilbao Basket txapelketan. Bertan zen Bilbao Miners Black taldea, eta Ointxe! talde arrasatetarraren aurka aritu da. Zoritxarrez, ez dira garaipena lortzeko gai izan, eta gipuzkoarrak sailkatu dira finalera, 12-16 irabazita. Bigarren finalerdian, NYX 3×3 Araba eta 3G Valladolid 3×3 taldeek neurtu dituzte indarrak, euskal presentzia nabarmena izan duten finalerdi hauetan. Hala ere, hiru euskal talde egon arren, ezin izan da euskal finalik jokatu Etxebarria parkeko kantxetan, Valladolideko taldea irten baita garaile 11-15.
Finalean, hasiera-hasieratik gogor hasi dira Ointxe! taldeko neskak; markagailuan alde txiki bat zabaldu eta partida osoan zehar mantendu dute errenta hori. 3G Valladolid 3×3 taldea korrontearen aurka aritu da neurketa osoan, eta, denbora igaro ahala, urduritasunak paper garrantzitsua jokatu du haien erabakietan eta jaurtiketetan. Azkenean, Ointxe! 16-12 nagusitu da emakumezkoen finalean eta txapeldun bilakatu da.


