Gaur hasi da Bilbao Jokoan 3×3 by Bilbao Basket txapelketako final-laurdenetako fasea, gizonezkoen PRO kategorian. Final-laurdenetatik abiatuta, Hangzhou talde txinatarra izan da txapelketako irabazlea, finalean Gargzdai talde lituaniarra 21-16 garaitu eta Marseillako World Tourrerako sailkapena lortu ondoren.
Goizeko 10:00etan hasi da gaurko jardunaldia, eta Hangzhou taldeak berak ireki du eguna, Valencia Basket 3x3ren aurkako norgehiagokarekin. Bertan, talde txinatarra osatzen duten lau jokalari serbiarrak oso nagusi izan dira eta 22-13ko markagailuarekin gailendu dira. Ordu berean, finalera helduko zen beste taldeak Radnik Križevci 3×3 talde kroaziarraren aurka jokatu du, eta partida estu batean irabazi du, 19-17. Bi norgehiagoka hauek amaituta, beste biei ekin zaie: Chelles Basket 77 talde frantziarra nabarmen nagusitu zaio Milan U23 taldeari 21-11, bestalde, Pando Mataró puntu gutxiko neurketa batean gailendu zaio Bordeauxi 12-10.
Finalerdietako bi partidak guztiz berdinduak izan dira. Talde txinatarra Kataluniakoei nagusitu zaie; hala ere, Hangzhou azken uneko biko saskiratze bati esker atera da garaile 22-19, guztiz sufritutako partidan. Beste norgehiagoka Chelles Basket 77 eta Gargzdai taldeen artean jokatu da, eta luzapenera heldu da. Azken uneetan talde lituaniarra atzetik zen markagailuan, baina azken segundoko saskiratze batek luzapenera eraman du partida, eta bertan nagusitu zaio talde frantziarrari 21-22.
Finaleko norgehiagoka 21-16 amaitu bada ere, hasieran inor ez zen markagailuan aldentzen. Talde lituaniarra biko hainbat saskiratzerekin mantendu da partidan, hala ere, jaurtiketa horiek sartzeari utzi diotenean, Hangzhouk beste martxa bat sartu du eta txapeldun izatea lortu du.


