Surne Bilbaok garaipen sendoa lortu du Alega Cantabria Basketen aurka, 103-81ko emaitzarekin, Emilio Amavisca pabiloian jokatutako norgehiagokan. Bizkaitarrek erasoan erakutsitako eraginkortasunak eta bigarren laurdeneko leherketak erabat erabaki dute neurketa. Banakako lanean, Nate Darling 22 puntu eta 28ko balorazioarekin eta Tryggvi Hlinason 15 puntu eta 8 erreboterekin izan dira beltzezko gizonen artean nabarmenenak. Kantabriarren aldetik, berriz, Kyler Jordan-Jenkinsen 23 puntu eta Miha Lapornik MIB ohiaren 21 puntuak ez dira nahikoa izan markagailua iraultzeko.
Neurketa orekatua hasi da lehen laurdenean. Bi taldeak kantxara nor baino nor gehiago zelairatu dira, eta erasoak nagusi izan dira hasierako minutuetan. Surne Bilbao barrutik min ematen saiatu da Hlinasonen bidez, eta kanpotik Darlingek bere lehen puntuak pilatu ditu. Dena den, Alega Cantabria Basket ez da kokildu, eta Kyler Jordan-Jenkinsen gidaritzapean, lehen hamar minutuak puntu bateko abantailarekin amaitzea lortu du, 20-21eko markagailuarekin.
Partidaren gakoa eta haustura erabakigarria bigarren laurdenean iritsi da. Bizkaitarrek erritmoa bizittu dute eta defentsako presioa areagotu dute, aurkaria erabat itoz. Kantabriarrek ezin dute erasoan asmatu, eta hamar puntu baino ez dituzte sartzen laurden osoan, 31-10eko partzialarekin bukatuz. Bitartean, Surne Bilbaok erakustaldia eman du erasoan, Darling eskua bero zuela eta Hlinason margopean agintzen. Atsedenaldira iristerakoan, norgehiagoka ia erabakita utzi dute beltzezko gizonek, hogei puntuko alde nabarmenarekin 51-31.
Aldageletatik bueltan, bi taldeek saskiratze-festa bat eskaini dute kantxan, 31-30eko partziala lortuz. Alega Cantabriak defentsa gogortzeaz ahaztu eta erasora jo du etsipenez, defizita murrizteko asmoz. Alabaina, Surne Bilbaok oso ondo erantzun dio erronkari, erasoan jarioa mantenduz eta aurrez lortutako abantaila eroso kudeatuz. Laurden honen amaieran, bizkaitarrek aldea puntu bat gehiago handitu dute ,82-61, azken txanpara inolako estutasunik gabe iristeko.
Azken laurdena, Surne Bilbaok, abantaila kudeatzeko eta errotazioak egiteko baliatu du, 21-20ko partzial orekatua sinatuz. Alega Cantabriak ez du amore eman eta azken unera arte txukun lehiatu da, Laporniken puntuei esker, baina ezin izan du bizkaitarren nagusitasuna inolaz ere zalantzan jarri. Azkenean, 103-81ko markagailuak erakutsi du kantxan ikusitakoa, Surne Bilbaori sentsazio onak uzten dizkion garaipen borobila emanez.


