Bastien Vautierren aurkezpena Surne Bilbaoko jokalari bezala

Bastien Vautierren aurkezpena izan da gaur Nissan Blendio Kalautoren egoitzan, Erandion. Bertan, Rafa Pueyo kirol zuzendariak eta Vautierrek berak egin dute berba hedabideen aurrean.

Vautierri bere Endesa Ligarako iritsierari buruz galdetu diote eta adierazi du berarentzat aurrerapauso galanta dela, bere aburuz Endesa Liga Europa mailan dagoen liga indartsuena dela eta Frantziako ligatik hona etortzea erronka bat dela berarentzat ibilbide osoa bertan igaro ostean.


Pibot frantsesari Surne Bilbaoren aurka jokatu zueneko iritziaz galdetu diote eta adierazi du: “Neurketa latza izan zen, giroa paregabea izan zen Bilbao Arenan eta orain hori nire alde egoteaz pozik nago bultzada bat izango baita”.

Horrez gain, aurredenboraldian murgilduta, bere sentsazioei buruz galdetu diote, eta esan du ohi baino gehiago eskatzen diotela korrika egiteko kontuan hartuta pibot posizioan jokatzen duela. Taldekideen inguruan gehitu du lagun talde bat aurkitu duela, heldu zen unetik taldekideek harrera bikaina egin diotela.

Tryggvi Hlinasonekin postua borrokatuko dutela gogoratu diote eta Vautierrek erantzun du beharbada bera gogorragoa dela defentsa lanetan baina ez diola gehiegi axola horrek. Ziurtatu du Hlinasonek, Ondrej Hustakek eta berak hirukote bikaina egingo dutela.