Surne Bilbaok Leyma Coruñari egingo dio bisita etxetik kanpo jokatuko duen lehen neurketan

Surne Bilbaok bisita egingo dio Leyma Coruñari igande honetan, 12:00etan (DAZN eta ETB1), Coruñako Coliseumean. 2. jardunaldi honi ekiteko, Jaume Ponsarnauren eta Carles Marcoren taldeak egoera desberdinetan iritsi dira; izan ere, lehen jardunaldian bilbotarrek Kids&Us Manresa mendean hartu zuten, eta Coruñakoek, berriz, Bartzelonan galdu zuten, Barçaren aurka.

Aipatu bezala, beltzezko gizonek garaipena lortu zuten Bilbao Arenan manresarren aurka jokatutako norgehiagokan, 107-92 irabazi zuten. Neurketa horretan, Rafa Pueyok osatutako taldeak jarraipena eman zion iaz egindakoari, hainbat jokalari berriro kantxaratuta. Fitxaketa berriei dagokienez, Adam Somogyik eta Bastien Vautierrek jokatu zituzten minutu gehien. Hala ere, baloraziorik onena lortu zuten jokalariak Darrun Hilliard, Tryggvi Hlinason eta Harald Frey izan ziren. Eskolta estatubatuarrak 19 puntu, 5 errebote eta 7 asistentzia lortu zituen neurketan, eta 25eko balorazioa pilatu zuen. Pibot islandiarrak, bestalde, 12 puntu sartu, 8 errebote jaso eta 2 asistentzia banatu zituen, 24ko balorazioa lortuta. Antolatzaile norvegiarrak, berriz, 14 puntu sartu eta 6 asistentzia banatu zituen, 19ko balorazioa erdietsiz.

Leyma Coruñak, aitzitik, 119-101 galdu zuen Barçaren aurka, Palau Blaugranan. Laranjaz jantzitako jokalarien artean, George Conditt pibot estatubatuarra nabarmendu zen, 20ko balorazioa lortu baitzuen: 17 puntu saskiratu, 8 errebote jaso eta 2 tapoi jarri zituen. Alonzo Verge Jr., aldiz, bikoitz-bikoitza lortzeko zorian egon zen: 16 puntu sartu eta 9 asistentzia banatu zituen, 18ko balorazioa lortzeko. Caio Pacheco antolatzaile brasildarra ia ezin hobeto ibili zen jaurtiketetan: saskiratu zituen 11 puntuetan jaurtiketa bakar batean egin zuen huts; horrez gain, 5 asistentzia banatu zituen, eta 17ko balorazioa pilatu zuen.

Neurketa garrantzitsua jokatuko dute, beraz, Leyma Coruñak eta Surne Bilbaok. Bilbotarrentzat aukera ezin hobea da ligari hasiera biribila emateko eta garaipenak pilatzen jarraitzeko. Galiziarrek, berriz, lehen garaipena lortzeko abagunea izango dute euren zaleen aurrean, Coruñako Coliseumean urriaren 4an, igandea, 12:00etan (DAZN eta ETB1), jokatuko duten norgehiagokan.