Surne Bilbao garaile irten da Endesa Ligako lehen jardunaldian Kids&Us Manresaren aurka

Surne Bilbaok garaipen bikaina lortu du Bilbao Arenan, Kids&Us Manresari 107-92 irabazita, Endesa Ligako lehen jardunaldiko neurketa zirraragarrian. Etxeko taldeak erasoan erakutsitako joko ikusgarria eta, bereziki, hiruko jaurtiketetan izandako asmatze maila altua izan dira norgehiagokaren gako nagusiak. Jaume Ponsarnauren mutilek hasieratik ezarri dute euren legea kantxan; Miribillako zaleen babesa baliatuz, erritmo bizia ezarri dute eta hamazazpi puntuko abantaila izatera ere iritsi dira. Kataluniarrak gogor borrokatu dira eta une batzuetan markagailua estutzen saiatu diren arren, beltzezko gizonek sendotasun eta ofizio handiz kudeatu dute aldea azken segundora arte, denboraldi berriari hasiera ezin hobea emanez. Norgehiagokan zehar, Surne Bilbaoko jokalarien artean bereziki aipagarria izan da Darrun Hilliarden lana; izan ere, taldeko saskiratzaile nagusia izan da 19 punturekin, eta jokoa antolatzen ere fin ibili da, 8 asistentzia banatuz eta 5 errebote jasoz. Barneko jokoan, Tryggvi Hlinasonek bere legea inposatu du saskipean, 12 puntu eta 8 errebote (horietatik 4 erasoan) lortuta. Manresaren aldetik, N. Ongenda izan da buruhausterik handiena etxekoentzat, 17 puntu sartu eta 3 txapel ikusgarri jarri baititu, Kolendarekin (13 puntu) batera kataluniarren erasoko zutabe nagusia izanik.

Denboraldiko lehen laurdena etxekoen alde hasi zen, Harald Frey antolatzaile norvegiarrak jaurtiketa libre bat sartuz eta Bastien Vautierrek bigarrenaren errebotea lortuz 2 puntu gehiago saskiratzeko. Horren ondoren pibot frantziarrak beste 4 puntu sartu zituen 7-2ko markagailuarekin hasteko lehen neurketa honetan. Talde kataluniarrak erreakzio une bat izan zuen, eta laurdenaren erdialderantz bidean, Jaume Ponsarnauk bostekoa aldatu zuenerako 9-7ko markagailua jartzea lortu zuten. Hala ere, etxeko taldea laurdenaren jaun eta jabe zen; 6-0 partzial batek behin-behineko lidergotza eman zien beltzekoei Adam Somogyi antolatzaile hungariarraren hasiera elektriko bati esker. Manresakoek beste bultzada bat izan zuten arren eta markagailuan gerturatu ziren arren, laurdena 19-18 bukatu zen.

Bigarren laurdena berdindua hasi zen, 4 minutu igarota 7-7ko partziala ezarriz. Laurdenaren erdia igarota izan zen manresarrek lidergotza hartu zuten lehen aldia, Nick Ongendaren mate bati esker. Ez zien gehiegi iraun pozak Diego Ocamporen mutilei, Martin Krampeljen hiruko batek eta geroago bi jaurtiketa librek 5 puntuko aldea eman baitzieten etxekoei. Freyk sartutako hiruko bati eta Darrun Hilliardek azken unean lortutako saskiratze bati esker, alde hori mantentzea lortu zen, nahiz eta Ongendak 13 punturekin bukatu zuen lehen zatia, etxekoek barrualdean zituzten arazoak nabarmenduz.

Hirugarren laurdenean, Surne Bilbao partidaren aginte-makila hartu eta markagailuko aldea handitzea lortu zuen, defentsako lan bikainari eta erasoan erakutsitako sendotasunari esker. Tryggvi Hlinasonen nagusitasuna uztaipean erabakigarria izan zen, eta kanpotik, berriz, Darrun Hilliardek eta Margiris Normantasek asmatu zuten erantzukizuna hartuz. Kids&Us Manresak, bestalde, zailtasun handiak izan zituen erasoan erritmoa aurkitzeko, batez ere hiruko jaurtiketetan izandako ehuneko eskasaren ondorioz. Bilbotarrek errebotea kontrolpean izan zuten, trantsizio azkarrak burutu zituzten, eta azken txanpari abantaila eroso batekin ekiteko oinarriak finkatu zituzten Bilbao Arenan.

Azkenengo laurdena Normantasen txapel izugarri batekin hasi zen. Vautierrek berriz ere lau puntu jarraian lortu zituen eta geroago Normantasek beste bi, MIBek zuten abantaila 16 puntutara igotzeko. Neurketa bukatzeko 6 minuturen faltan Adam Somogyik hiruko bat lortu zuen, Bilboko taldearentzat lortu zuen aurrenekoa. Ponsarnauren mutilek erasoan gozatzen jarraitzen zuten, Manresakoen kalterako. Neurketa bide beretik jarraitu zuen partida bukatu zen arte; bi taldeek saskiratzen jarraitzen zuten baina kataluniarrak ez ziren aldea murrizteko gai izan eta Surne Bilbaok 107-92 irabazi zion Kids&Us Manresari.