Bilbao Basket Fundazioak Badalonan ekingo dio 2026-2027ko “Copa Campeones”-eri

Bilbao Basket Fundazioak asteburu honetan jarriko du martxan 2026-2027ko “Copa Campeones”, urriaren 24an eta 25ean. Badalonako La Plana kiroldegia izanen da ACB Fundazioak bultzatutako lehiaketa honen bigarren aldiko lehen jardunaldiaren agertokia. Ekimenaren helburu nagusiak kirol inklusiboa ikusaraztea eta saskibaloiaren balioak sustatzea dira.

Talde bizkaitarra B multzoan arituko da, MoraBanc Andorra Escaldes-Engordany eta UCAM Murcia CB taldeekin batera. Larunbatean bi partidagune izanen dituzte, eta igandean hirugarren bat jokatuko dute, sailkapenaren arabera. MIB taldea honako kide hauek osatuko dute: Adrián Vallejo, Alba Pérez, Ander Valdecantos, Andoni Garcia, Imanol Urquijo, Irati San José, Luka Jauregui, Oier Bilbao, Ander Pablos, Unai Muñoz, Anne Álvarez eta Unax Gonzalez. Mikel Barrio izanen da taldearen entrenatzailea.

A multzoan Joventut Badalona Fedamar, San Pablo Burgos Fundación Aurora eta CB Gran Canaria Proyecto Suma lehiatuko dira. B Taldean, berriz, Bilbao Basket Fundazioa lan txukuna egiten saiatuko da MoraBanc Andorra Escaldes-Engordany zein UCAM Murcia CBren aurka, lehiaketaren esperientziaz gozatzeko eta saskibaloi inklusiboaren garapena bultzatzen jarraitzeko asmoz.

Bilbao Basket Fundazioaren lehen neurketa urriaren 24an izanen da, larunbatean, 10:15ean, MoraBanc Andorra Escaldes-Engordanyren aurka. Bizkaitarrak arratsaldean itzuliko dira kantxara, 15:00etan, UCAM Murcia CBren aurka jokatzeko multzoen faseko bigarren partidan. Bi neurketa horiek ezinbertzekoak izanen dira taldearen postua zehazteko igandeko jardunaldiari begira; izan ere, egun horretan multzo bakoitzean posizio berean amaitutako taldeen arteko gurutzaketak jokatuko dira.

Lehiaketak igandean jarraituko du, urriaren 25ean, 09:00etatik aurrera, bi multzoetako hirugarren sailkatuen arteko partidarekin. 10:00etan bigarren sailkatuen txanda izanen da, eta lehen sailkatuek 11:00etan neurtuko dituzte indarrak. Domina banaketa 12:00etan izanen da, eta horrekin emanen zaio amaiera denboraldiko lehen hitzordu honi.

“Copa Campeones”-ek bigarren denboraldiari ekinen dio aurten, parte-hartzea zabalduta: orotara 20 talde lehiatuko dira, estreinako aldian baino bi gehiago. Egutegia hiru egoitzatan banatuko da: Badalona izanen da lehen geldialdia, Zaragozak hartuko du bigarren jardunaldia martxoaren 13an eta 14an, eta Santiago de Compostelak jasoko du azken hitzordua maiatzaren 8an eta 9an.

ACB Fundazioak bere erakunde laguntzaileen babesarekin sustatutako ekimen honek saskibaloia erabiltzen du adimen-desgaitasuna duten pertsonen inklusiorako eta parte-hartzerako tresna gisa. Elkartasuna, gainditzea eta talde-lana izanen dira berriro ere lehiaketaren ardatz nagusiak. Bertan, Bilbao Basket Fundazioak kluba ordezkatu eta pertsona guztiei irekitako kirolarekin duen konpromisoa erakutsiko du.

Badalonako partidetarako sarrera doakoa izanen da edukiera bete arte; aukera bikaina izanen da parte hartuko duten taldeei babesa eta babes beroa emateko Txapeldunen Koparen edizio berri honen hasieran.