Bizkaiko 17 urtez azpiko 3×3 saskibaloi txapelketa jokatu da asteburuan Ortuellako El Barracón kiroldegian, eta emaitza bikainak lortu ditu Bilbao Basket Fundazioak. Klubak bi talde sartu zituen maila bakoitzean, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta bietan iritsi zen finalera: gizonezkoetan txapeldun bilakatu zen, eta emakumezkoetan, txapeldunorde.
Gizonezkoen taldeetan honako jokalari hauek aritu ziren: Aldo Moron, Markel Bengoetxea, Patrik Alaña eta Unax Unzueta (Bilbao Basket Fundazioa 1); eta Hodei Etxebarria, Adrian Mongil, Iker Garay eta Oier Escalza (Bilbao Basket Fundazioa 2). Emakumezkoetan, berriz, Valeria Martin, Udane Gonzalez, Carla Gomez eta Ane Perez lehiatu ziren Bilbao Basket Fundazioa 1 taldean; eta Nerea Boveda, Afrika Ponte, Uxue Fernandez eta Itxasne Gomez Bilbao Basket Fundazioa 2 taldean.
Gizonezkoen mailan, B multzoko lehen bi postuetan amaitu zuten Bilbao Basketen bi taldeek ,bigarren taldeak lehenaren aurka bakarrik galduta,. Azkenean, klub bereko bi taldeak iritsi ziren finalera, eta Bilbao Basket Fundazioa 1 nagusitu zen, Bilbao Basket Fundazioa 2ri 21-6 irabazita. Finalaurrekoetan, bigarren taldeak Centro de Estudios Mikeldi USK hartu zuen mendean (8-15), eta lehenengoak, berriz, Berangoko Hontzuriak Beltza (18-8).
Emakumezkoetan ere finalera iristea lortu zuen Bilbao Basket Fundazioa 2 taldeak. Finalaurrekoetan Tabirako Baqué 1 Fem taldeari 20-13 irabazi ondoren, Bilboko taldeak gutxigatik galdu zuen finala Rehabilitaciones Bilconver XXI Ugeraga Sopelaren aurka (14-15). Bestalde, Bilbao Basket Fundazioa 1ek garaipen bat lortu zuen multzoen fasean Zornotza 3×3 Neskak taldearen aurka (16-9), baina gainerako partidak galduta ez zen finalaurrekoetarako sailkatu.
Emaitza horiei esker, Bilbao Basketek ordezkaritza izango du Euskadiko 17 urtez azpiko 3×3 Txapelketan, bi mailatan: Bilbao Basket Fundazioa gizonezkoen sailean arituko da txapeldun gisa, eta Bilbao Basket Fundazioa emakumezkoen sailean, finalera heltzeagatik. Gogoraraztekoa da araudiak klub bakoitzeko talde bakarra sailkatzea ahalbidetzen duela maila bakoitzean; horregatik, Bilbao Basketen bi gizonezkoen taldeek finala jokatu bazuten ere, talde txapeldunak soilik ordezkatuko du kluba hurrengo txapelketan.


