Darrun Hilliard eskolta estatubatuarrak Bilbon jarraituko du 2028ra arte. Pennsylvaniarrak akordioa berritu du talde bilbotarrarekin, denboraldi honetan taldeko liderretako bat bihurtu ostean. Endesa Ligan joko maila bikaina erakutsi du, eta FIBA Europe Cupean ezinbestekoa izan da Jaume Ponsarnaurentzat taldea txapeldun bilakatzeko; izan ere, finaleko jokalaririk baliotsuena (MVP) izan da.
Hilliardek hainbat neurketa bikain jokatu ditu denboraldian zehar. Hala ere, Endesa Ligan izandako partidarik onena pasa den asteko ostegunean jokatu zuen, Real Madrilen aurkako garaipenean: 29ko balorazioa lortu zuen, 21 puntu saskiratuta, 5 errebote jasota, 6 asistentzia emanda eta taldea ezin hobeto antolatuta. Bestalde, FIBA Europe Cupeko finalean, PAOKen aurka, MVP izendatu zuten, erasoan taldearen itsasargi izan baitzen, 19 eta 16 puntu lortuta, hurrenez hurren.
Denboraldian zehar partidaren bat jokatu gabe utzi duen arren, eskolta beteranoak 30 neurketa jokatu ditu Endesa Ligan, eta, batez beste, estatistika hauek lortu ditu: 12,6 puntu, 3 errebote, 2,7 asistentzia eta 10eko balorazioa. FIBA Europe Cupean ere ezinbestekoa izan zen finalean, arestian esan bezala, eta txapelketan zehar 10,1 puntu, 2,3 errebote, 2,9 asistentzia eta 8,8ko balorazioa pilatu ditu.


