Euskaltax Bilbao Basketek denboraldiko etxetik kanpoko lehen garaipena lortu du

Euskaltax Bilbao Basketek 60-72 irabazi dio Amara Lleidari Lleidako Espai Fruita Barris Nord pabilioian, Liga U txapelketako 10. jardunaldian, eta denboraldiko kanpoko lehen garaipena lortu du. Bilbotarrek 0-8ko hasiera egin zuten; Amara Lleida aurretik jarri zen lehen laurdenean (9-8) eta bigarrenean (22-20 eta 24-23), baina atsedenaldira hiru minutu falta zirela Euskaltax Bilbao Basketek markagailuaren gidaritza berreskuratu zuen, eta ez zuen berriz galdu. Gehieneko aldea 16 puntukoa izan zen, eta hirukoetan egon zen gakoa: Euskaltax Bilbao Basketek 28tik 12 sartu zituen; Amara Lleidak, 20tik 4. Haritz Mateo izan zen Euskaltax Bilbao Basketeko jokalari baloratuena: 13 balorazio lortu zituen, 9 punturekin (8 jaurtiketa libretatik 6 sartuta), 3 errebotekin eta asistentzia batekin, 16 minututan. Haren atzetik, 11 balorazio lortu zituzten Oier Ibarrolak (13 puntu, 3 hiruko eta 6 errebote) eta Anton Alañak (12 puntu, 5 hirukotik 4 sartuta, eta 5 errebote). Amara Lleidan, Pau Torrens nabarmendu zen, 17 baloraziorekin (15 puntu, 5 asistentzia, 4 errebote eta 4 lapurreta), eta Izan Martos izan zen partidako anotatzaile onena: 17 puntu, 5 errebote eta 14 balorazio.

Euskaltax Bilbao Basketek indar handiz hasi zuen partida, 0-8ko hasierarekin: Anton Alañaren hirukoa, Urko Madariagaren puntuak eta Aner Sarduiren saskia izan ziren lehen puntuak. Amara Lleidak lau minutu eta erdi baino gehiago behar izan zituen lehen saskia sartzeko. Etxekoek 9-0ko partziala egin zuten, Kaspar Finn Martensonek eta Ivan Montullek gidatuta, eta aurretik jarri ziren (9-8) hiru minutu falta zirela; orduan, Euskaltax Bilbao Basketek denbora-eskaera egin zuen. Eskaeraren ostean, Haritz Mateok jaurtiketa libre bat sartu zuen eta Aimar Minteguik eta Bingen Errastik hirukoak sartu zituzten, eta bilbotarrek aurrea berreskuratu zuten. Laurdena 12-15 amaitu zen, Izan Martosek hirukoa sartu bazuen ere.

Bigarren laurdena joan-etorrikoa izan zen erdira arte. Haritz Mateoren jaurtiketa libreek eta Iván Monteroren zanpak hiru puntura luzatu zuten Euskaltax Bilbao Basketen abantaila (17-20), baina Eduard Galatanuren hirukoak berdindu egin zuen partida (20-20) eta Pau Torrensen saskiak Amara Lleida aurretik jarri zuen (22-20). Anton Alañak beste hiruko batekin erantzun zuen (22-23), eta Izan Martosek berriz ere etxekoei eman zien gidaritza (24-23). Orduan, Jon Friasek bi jaurtiketa libre sartu zituen, eta Euskaltax Bilbao Basket berriz aurrera jarri zen (24-25). Gero, Oier Ibarrolaren hirukoek eta Iván Monteroren saski batek tartea ireki zuten atsedenaldira iritsi aurretik. Azken hiru minutuetan 2-10eko partziala egin zuten bilbotarrek, eta 26-33 joan ziren atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, Anton Alaña berriz nabarmendu zen: jarraian bi hiruko sartu zituen, biak Bingen Errastiren asistentziaz, eta Euskaltax Bilbao Basketek 13 puntuko aldea lortu zuen (26-39). Amara Lleidak 6-0ko partzialarekin erantzun zuen, eta Euskaltax Bilbao Basketek denbora-eskaera egin behar izan zuen. Eskaeraren ostean, ordea, bilbotarrek kontrola berreskuratu zuten Oier Ibarrolaren eta Julen Gasconen hirukoei eta Errastiren saski bati esker, 34-47 jarri arte; orduan, Amara Lleidak egin zuen denbora-eskaera. Beste hiruko batek, oraingoan Haritz Mateorenak, 16 puntura eraman zuen gehieneko aldea (36-52). Izan Martosek hirukoa sartu zuen laurdena amaitzeko 23 segundo falta zirela, eta emaitza 43-54 izan zen.

Azken laurdenean ere Euskaltax Bilbao Basketek jo zuen lehenik, eta 14 puntuko aldea lortu zuen (47-61) Julen Gasconen hirukoari esker. Amara Lleidak ez zuen amore eman: Pau Torrensen jaurtiketa libreek eta saski batek 53-61era hurbildu zuten, amaierarako sei minutu pasatxo falta zirela. Hala ere, bilbotarrek lasai jokatu zuten denbora-eskaera baten ondoren, eta partida bideratu zuten: 0-7ko partziala egin zuten, Javier Ochoak eta Bingen Errastik lapurtutako bi baloi saski bihurtuta, eta 58-72 jarri zuten amaierarako hiru minutu baino gutxiago falta zirela. Amara Lleidak denbora-eskaera egin zuen, eta Albert Marvak jarri zuen azken markagailua: 60-72.