Euskaltax Bilbao Basketek denboraldiko hirugarren garaipena lortzeko gai izan zen, bi garaipen jarraian zekartzan Unicaja Alhaurín de la Torreren aurka. Bilbotarren aldetik hainbat jokalarik jarduera ikusgarriak izan zituzten arren, nabarmenenak Bingen Errasti eta Iván Montero izan ziren. Antolatzaile arrasatearrak 25 puntu, 4 asistentzia, 4 errebote eta 5 lapurketa lortu zituen, baloraziozko 28 puntu erdietsiz. Iván Monterok 14 puntu, 7 errebote eta 2 lapurketa lortu zituen, balorazioko 21 puntu pilatzeko. Andaluziarren partetik, Jose Miguel Cazorlak 12 puntu, 4 errebote eta 2 lapurketa lortu zituen, 14ko balorazioa egiteko. Alonso de la Iglesiak, berriz, 12 puntu, 2 errebote, 2 asistentzia eta 2 lapurketa lortu zituen, balorazioko 12 puntu pilatzeko.
Lehen laurdena ezin hobeto hasi zuten Euskaltax Bilbao Basketeko mutilek, 11-3ko partzial batekin, Errastiren puntu eta lapurketeei esker batez ere. Handik aurrera neurketaren erritmoa moteldu egin zen eta bi taldeak saskiratu gabe egon ziren une luze batez. Lehenengo laurdenaren amaieran 15-11 joan zen etxeko taldea aurretik, kontrako partzial baten ostean.
Bigarren laurdenean hobeto sartu ziren andaluziarrak eta aldea puntu batera murrizteko gai izan ziren. Hala ere, ez ziren gai izan markagailuan aurretik jartzeko 4 minutu igaro ziren arte, Javi Ochoari egindako tapoi baten osteko kontraerasoan. Handik aurrera markagailu aldaketa ugari egon ziren eta atsedenaldira 32-27ko markagailuarekin heldu zen neurketa, Euskaltax Bilbao Basketen alde.
Atsedenalditik itzultzean antzeko erritmoarekin berrekin zitzaion partidari: markagailuko aldea ez zen mugitzen, baina saskiratzeak gauzatzen zebiltzan bi taldeak. Laurdeneko azken uneetan beltzezko gizonak izan ziren martxa bat gehiago sartu zutenak eta markagailuan 9 puntuko aldea zabaltzea lortu zuten. Horrela igaro zen laurdena bukaerara arte, eta 58-47ko markagailuarekin heldu zen norgehiagoka azken laurdenera.
Azken laurdenera berriz ere indartsuago sartu ziren bilbotarrak eta markagailuko aldea 20 puntura zabaldu zuten lehen bost minutuak oraindik igaro ez zirenean. Gainera, ez zirudien Malagakoek erreakzionatzeko indarrik izango zutenik, denbora igaro ahala ez baitziren gai alde hori 15 puntutik behera murrizteko. Neurketa 78-61 bukatu zen azkenean, Euskaltax Bilbao Basketen alde.


