Euskaltax Bilbao Basketek denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Amara Lleida 104-97 mendean hartuta, norgehiagoka oso borrokatu eta gorabeheratsu baten ostean. Etxekoen aldetik, Bingen Errasti izan zen jokalari erabakigarriena partida osoan zehar, 23 puntu, 10 asistentzia eta 31ko balorazioa lortuta, Julen Gascónen kanpoko asmatzearen laguntza bikainarekin (21 puntu eta 24eko balorazioa). Hala ere, partidako jokalaririk onena kanpoko taldean egon zen, argi eta garbi: Pau Torrensek sekulako erakustaldia eman zuen 42 puntu, 7 asistentzia eta 50ko balorazio izugarria lortuz, Alexis Pouren (18 puntu, 5 errebote eta 20ko balorazioa) babesarekin. Baina banakako distira horren aurrean, bilbotarren talde-lanak, defentsako presioak eta azken laurdeneko une erabakigarrietan izandako asmatzeak garaipena etxean geratzea ahalbidetu zuten.
Lehen laurdena Haritz Mateoren bost punturekin hasi zen, erasoko errebote baten ostean sartutako bi punturi eta kontraerasoan lortutako hiruko bati esker. Lleidakoek azkar erantzun zioten bilbotarren partzialari: zazpi puntu jarraian saskiratu, eta norgehiagokan aurretik jarri ziren. Bilbotarrek erasoan ahaleginak egin eta erasoko errebotetan nagusitu arren, ez ziren gai saskiratzeak lortzeko, eta kataluniarrek 5-13ko behin-behineko markagailua jarri zuten laurdenaren erdialdera iristear zeudela. Bilbotarren bolada txarra ez zen amaitu, harik eta Julen Gascónek bi puntuko jaurtiketa bat sartu zuen arte, laurdena amaitzeko lau minuturen faltan. Horren ondoren, Gascónen defentsako lana eredugarria izan zen: kanpokoen hurrengo hiru erasoetan erasoko bi falta lortu zituen, eta, azken horren ostean, Aner Sarduik hiruko jaurtiketa bat asmatu zuen. Erasoan ere fin ibili zen Gascón; izan ere, jarraian sartutako bi hirukori esker, bera izan zen lehen laurden horretan etxeko jokalarien artean puntu gehien sartu zituena. Laurdena 18-22ko emaitzarekin amaitu zen; etxekoek aldea murriztu zuten arren, ez ziren gai izan euren azken erasoan neurketa berdintzeko.
Bigarren laurdenean, Mikel Torreren mutilek indartsu jarraitzen zuten. Gascónek beste hiruko batekin ekin zion laurdenari, eta, geroago, Iván Monterok baloia lapurtuta erakutsi zuen defentsa-lanak zorroztu zituztela. Euskaltax Bilbao Basketek 28-25eko markagailua ezarri zuen, eta horrek hutsartea eskatzera behartu zuen Lleidako taldea, amaitzeko sei minuturen faltan, jokalariek hasieran erakutsitako nagusitasuna berreskuratzeko asmoz. Hala ere, defentsa gogorra erakutsi zuten beltzezko mutilek, eta, hutsartetik itzultzean, zortzi segundoko arau-haustea egitera behartu zituzten kanpokoak. Kontraerasoan indartsu zebiltzan bilbotarrak, eta Aimar Minteguik eta Bingen Errastik bina puntu lortu zituzten. Hala eta guztiz ere, Lleida berriz partidara itzuli zen, eta norgehiagoka berdindu zuen atsedenaldira heltzeko lau minutu falta zirenean (32-32). Horren ondorioz, Mikel Torre hutsartea eskatzera behartuta egon zen. Hutsartetik itzultzean, beltzezkoek defentsa goian mantendu zuten lleidarrek baloiaren jabetza zuten bakoitzean; zonan hutsuneak utzi arren, baliagarria izan zitzaien, horri esker Errastik baloia lapurtu eta kontraerasoan bi puntu saskiratu baitzituen. Horrez gain, Gascónek bolada onarekin jarraitu zuen beste hiruko bat lortuta. Errastik defentsa-lanetan bikain jarraitu zuen, eta minutu pare bat aurretik egindako jokaldia errepikatu zuen: goian baloia lapurtu eta bi puntu saskiratu zituen, laurdena amaitzeko minutu baten faltan. Atsedenaldira 48-40ko markagailuarekin iritsi ziren, Javier Ochoaren hiruko baten ostean.
Atsedenalditik itzultzean, lleidarrak izan ziren saskiratzen lehenak; hala ere, Monterok azkar erantzun zuen 2+1 batekin, baita Oier Ibarrolak borrokatutako bi punturekin ere. Ia bi minutu igarota, 10-4ko partziala lortu zuten etxekoek, eta horrek berriz hutsartea eskatzera behartu zituen kanpokoak. Berriro ere, hutsartetik itzultzean, zortzi segundoko arau-haustea egin zuten lleidarrek, Ochoaren defentsa sutsuari esker. Hala eta guztiz ere, Amara Lleidak erreakzionatu egin zuen, jarraian bi hiruko asmatu baitzituen. Defentsa-lanetan arazo gehiago izan zituzten berriz: lau minutu igarota, bost falta eginak zituzten, eta Euskaltax Bilbao Basketek jaurtiketa libreetan ez zuen hutsik egin. Beltzezkoek bikain jarraitzen zuten defentsan, gutxi eskainiz eta erasoan asko sortuz; laurdenaren erdialdera iristear zeudela, beste hutsarte bat eskatzera behartu zuten kanpoko entrenatzailea, markagailua 65-53koa zelarik. Kataluniarrak finago atera ziren erasoan, paseak barrualdera ondo sartuta. Beltzezkoek ez zuten erritmoa jaitsi erasoan, baina defentsa-lanetan ahulago ibili ziren; Monterok falta geldigarri bat egin zuen, eta, geroago, Mateok 2+1ekoa eman zion Alexis Pouri. Jarraian, Antón Alañak kirolgabetasun-falta bat egin zuen, eta Gascónek beste 2+1 bat eman zien lleidarrei, laurdena amaitzeko bi minuturen faltan markagailuan 71-66koa ezartzeko. 2-12ko partzialari aurre egiteko, Mikel Torrek hutsartea eskatu zuen. Hala ere, ez zuen ondoriorik izan, eta lleidarrek puntu batera murriztu zuten aldea, laurdena 72-71 amaitzeko.
Azken laurdena Ochoaren lapurreta batekin hasi zen, nahiz eta ezin izan zuten puntu bilakatu. Lleidarrek, aspaldiko partez, markagailua iraultzea lortu zuten; Errastik, aldiz, beste ideia batzuk zituen buruan, eta azkar erantzun zuen. Lleidarrak berriz jarri ziren aurretik markagailuan, 2+1eko baten ostean bost puntuko aldea ezarrita. Urko Madariagak etxekoen bolada txarrari amaiera eman zion, eta hurrengo bi jokaldietan Errastik lau puntu saskiratu zituen, Ochoaren eta Alañaren bi lapurretari esker, berriro ere markagailua irauliz. Ibarrolak bost puntu saskiratu zituen jarraian bi jokaldi asmatuta, eta geroago, laurdenaren erdia jada igarota zegoenean, Errastik hiruko bat lortu zuen, etxekoen aldeko sei puntuko abantaila berrezartzeko. Bi minuturen faltan, lau puntu goitik zegoen etxeko taldea, eta defentsa on bati esker, Gascónek berriz ere baloia lapurtu zuen. Ochoak aldea sei puntura handitu zuen, minutu eta erdiren faltan hiruko bat saskiratuta. Neurketa amaitzeko minutu eskas bat geratzen zenean, Gascónek beste hiruko bat lortu zuen, aldea bederatzi puntutan ezartzeko eta lleidarren aukerak murrizteko. Norgehiagoka 104-97 amaitu zen etxekoen alde, aurtengo denboraldiko lehen garaipena lortuta.


