Urko Madariaga eta Gaye Khalifaren arteko norgehiagoka izan zen ostiraleko partidua, 92-76 bukatu zen arren Bilbao Basketen alde, Madariagak 22 puntu, 14 errebote eta baloraziozko 36 puntu lortu zituen, Khalifak aldiz 27 puntu, 12 errebote eta baloraziozko 43, biek partidu borobila sinatuz ligari agur esateko.
Lehenengo laurdena maila aldetik berdindua izan zen, Bilbao Basketen aldetik, Urko madariagak gidatu zituen bere taldekideak 8 puntu saskiratuz eta 4 errebote jasoz. Granadakoak aldiz taldeko lana baliatu zuten, 7 saskiratzaile desberdinekin laurdena 18-18 bukatzeko.
Bigarren laurdenak berdin jarraitu zuen, Madariaga parketean zegoenean eskertzen zuten Mikel Torreren mutilek. Bi taldeek partiduaren lidergotzan txandakatu ziren, amaieran Bilbao Basketek lidergotza hartu eta atsedenaldira 37-36 bukatu arte.
Aldageletatik itzultzean defentsa lanak hobetu zituen Bilboko harrobiak, horrez gain, Aner Sarduiren 2 hirukok eta Urko Madariagaren sasoi onak, lagundu egin zion etxeko taldeari markagailuan aldea zabalduz. Gaye Khalifak hainbat jaurtiketa libre sartuta ere, beltzezkoek unerarteko gehienezko abantaila lortu zuten laurden amaieran, Zecevicen bi saskiratzeren ostean, 62-55.
Azken laurdena agur esaten zuten 3 jokalarientzat; Kepa de Castro, Aiert Velasco eta Javi Rodriguezentzat borobila izan zen hirurek sakiratzea lortu baitzuten azken uneetan aldatuak izan aurretik. Markagailuan nabarmen egin zuten ihes etxekoek partidua 92-76 bukatuta.


