Surne Bilbaok ostegunean 14an Real Madril jasoko du Bilbao Arenan arratsaldeko 19:00etan (DAZN) Endesa Ligako lehen 8en artean sartzeko borrokan. Real Madril ligako liderra da 26-4ko balantze izugarri batekin, UCAM Murtziarengandik 4 garaipenera. Bilbokoak berriz, Hiopos Lleidaren aurkako porrotaren ostean 9. postuan jarraitzen dute, baina orain Unicajaren esku dago bilbotarren playoffetarako sailkapena. Hau da, Malagakoek huts egin behar dute Surne Bilbaok sailkapenean pasa diezaieten.
Jaume Ponsarnauk adierazi du printzipioz jokalari guztiak daudela eskuragarri eta espero duela gelditzen diren partiduetan horrela jarraitzea. Real Madrileko jokalariei buruz esan du: “ Nahiz eta Tavares eta Len lesionatuta egon eta Garuba zalantzatan egon, jokatzen duenak ondo egingo du, Izan Almansak adibidez badu kalitatea barrukaldea dominatzeko”
Tavares eta Len lesionatuta egon arren baditu Madrilgo taldeak jokalari arriskutsuak, Mario Hezonja, MVP-rako izendatuta dagoen jokalaria, 18,6ko batez besteko balorazioa du, 16,4 PTS eta 4,8 REB. Bi horiez gain, Trey Lylesek zenbaki onak ditu ere, taldeko hirugarren baloratuena izanik 14 punturekin. Hezonjak zein Lylesek hiruko jaurtiketetan %40ko saskiratzea dute. Barruko jokalariak lesionatuta egon arren, Izan Almansa izango da ziurrenik piboterako lehen aukera. Jokalari gazte onenerako sarira izendatuta dagoen pibot espainiarrak, 5,4ko balorazioa du batez beste, 4,9 puntu eta 2,1 erreboterekin partiduko, nahiz eta minutu gehiago jokatuta zenbaki hobeak egingo dituela ziurtatu du Ponsarnauk.
Surne Bilbaoren entrenatzaileak gehitu du sarritan eskema aldaketek direla min egiten dietena MIB-ei, beraz erne ibili beharko direla zentzu horretan eta euroligako talde bat garaitzearen erronka lortzeko kontzentratu egin beharko direla.
Naiz eta bilbotarrek Hiopos Lleidaren aurka galdu zuten pasa den astean, bizirik dirau lehen 8en artean sailkatzeko ametsa eta Ponsarnauk esan du: “Hurrengo partidurako motibazioa gure amorrutik etorriko da, aurreko partidua galtzetik sortu zaigun amorrua”.


