Luke Petrasekek 2028ra arte berritu du kontratua Surne Bilbaorekin

Luke Petrasek hegal-pibotak 2028ra arte jarraituko du Surne Bilbaon, aurten FIBA Europe Cupa irabazi eta Endesa Ligan joko maila bikaina erakutsi ostean. New Yorken jaio arren nazionalitate poloniarra duen jokalariak denboraldi bakarra darama Surne Bilbaon, baina bere tokia aurkitu du taldearen errotazioan, eta jokalari garrantzitsu bihurtu da.

Bere partidarik onena Bilbao Arenan jokatu zuen Valencia Basketen aurka, nahiz eta taldeak galdu egin zuen (23 puntu eta 28ko balorazioa). Nolanahi ere, Dreamland Gran Canariaren aurka etxetik kanpo jokatutako partidan ere bikain aritu zen: 20 puntu, 3 errebote, asistentzia bat, lapurketa bat eta 17ko balorazioa lortu zituen. Horrez gain, playoffetarako sailkapen borrokan etxean Unicajaren aurka lortutako garaipenean, 10 puntu, 7 errebote eta 15eko balorazioa erdietsi zituen. Bestalde, Falco Szombathelyren aurkako itzuliko neurketan jokalari onena izan zen: 14 puntu, 5 errebote eta 20ko balorazioa.

Denboraldi osoan zehar, estatistika onak pilatu ditu hegal-pibotak jokatutako bi txapelketetan. FIBA Europe Cupean, bosteko onenaren hautagaien artean egon da, txapelketan zehar, batez beste, 11,2 puntu, 3,9 errebote, 1,4 asistentzia eta 14,1eko balorazioa lortuta txapeldun izateaz gain. Endesa Ligan, berriz, 7,2 puntu, 3 errebote, 0,9 asistentzia eta 6,6ko balorazioa lortu ditu.