Margiris Normantasek kontratua luzatu du 2028ra arte Surne Bilbaorekin

Margiris Normantas eskolta lituaniarrak 2028ra arte luzatu du kontratua Surne Bilbaorekin. Taldean denboraldi bakarra egin duen arren, pieza aldaezina bilakatu da Jaume Ponsarnauren eskeman, eta taldearen defentsako liderretako bat da, bere indar eta intentsitateari esker.

Vilniusekoak partida itzelak egin zituen La Laguna Teneriferen aurka (24 puntu, 6/8 hirukoetan, 4 asistentzia, 3 errebote, lapurketa bat eta 29ko balorazioa), eta, horri esker, Endesa Ligako zazpigarren posturako borrokan azken jardunaldian garrantzitsua izan daitekeen garaipena lortu zuen taldeak. Era berean, FIBA Europe Cupeko finaleko itzuliko partidan ere bikain aritu zen (17 puntu, 4 errebote —horietatik bi erasokoak—, asistentzia bat eta 20ko balorazioa), eta partidako jokalaririk baloratuena izan zen.

Bi neurketa horiez gain, Normantasek lan fina egin du denboraldi osoan, Endesa Ligan orain arte jokatutako 32 partidatan: 7,8 puntu, 2,2 errebote, 1,8 asistentzia eta 0,9 lapurketa partidako, eta, batez beste, 7ko balorazioa. FIBA Europe Cupean, berriz, honako estatistikak lortu ditu txapeldun bilakatu den lehiaketan: 8,5 puntu, 1,9 errebote, 3,1 asistentzia, 1,1 lapurketa eta 9,1eko balorazioa.