Jaume Ponsarnauk, La Laguna Teneriferen aurkako partida aurreko prentsaurrekoa eman du gaur Artxandako Kiroldegian. Bertan bilbotarren playoff aukerei buruz egin du berba eta hurrengoa adierazi du: “Nahi gabe zeure buruan pentsatzen dituzu horrelako gauzak, Unicajak bere partidan egin dezakena Baskoniaren aurka, baina arrazoitu egiten duzunean konturatu egiten zara taldeak bere ardura duela, eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugula gure partida irabazteko, sari handia baitugu irabaztekotan”. Gainera gehitu egin du zazpigarren postua izugarria izango litzatekeela, denboraldi hasieran pentsaezina, baina, horrek erakusten duela ere taldeak atzetik, ikusten ez den lanean, egin duen aurrerapausoa.
Taldeak pasa den ostiralean ofizial egin zituen Luke Petrasek, Margiris Normantas, Martin Krampelj eta Darrun Hiliarden kontratu berritzeak eta horri buruz esan du pozik dagoela, jokalariek elkarrekin jokatzen jarraitu nahi dutela eta horrek jarraitasun bat ematen diola proiektuari datorren urterako.
Canariarrei buruz adierazi du: “Bizitza bat baino gehiago dutela eta hainbat alditan erakutsi dutela inoiz ez dutela amore ematen. Gainera azken aldian lesio asko izan dituzte eta jakin izan dute nola aurre egin hutsune horiei”.
Bere jokalariei buruz gaineratu du jokalariak beharbada denboraldia bukatzear dagoenez fisikoki beraien %100ean ez egotea baina saskibaloi sentsazioei dagokionez bai daudela maila gorenean. Horrez gain taldeak karakterra erakutsi zuela Bàsquet Gironaren aurkako partidan, etxean azken partida izan ltzatekelako baina guztiek esan zuten ezetz, oraindik partidaren bat gehiago jokatu nahi zutela Bilbao Arenan.
Arerioari buruz gehitu du ez duela uste nahiz eta playoffetarako sailkatuta egon erlaxatuko direnik eta hala ere ez dutela horretan pentsatu behar baizik eta bere mutilak partidan hustu behar direla eta ez besteek egin dezaketenean zentratu.


