Martin Krampelj hegal-pibot esloveniarrak talde bilbotarrean jarraituko du 2028ra arte. Ljubljanarra funtsezkoa izan da Surne Bilbaon daraman denboraldi honetan Jaume Ponsarnaurentzat; izan ere, Endesa Ligan orain arte jokatu diren partida guztietan hartu du parte. Are gehiago, erdi lesionatuta egon denetan ere, bere nortasun sendoak kantxaratzera behartu du, une gogorrenetan taldeari laguntzeko.
Krampeljek hainbat partida ikusgarri jokatu ditu Endesa Ligan, taldeak gehien behar zuenean agertuz. Adibidez, emaitzek lagundu ez bazuten ere, neurketa bikainak osatu zituen Baskoniaren aurkako bi porrotetan eta Barçaren aurkako itzuliko norgehiagokan. Horrez gain, Rio Breoganen aurkako garaipenean 12 puntu lortu zituen, jaurtitako guztiak saskiratuta.
Hegal-pibota oso erregular aritu da denboraldi osoan zehar. Endesa Ligan, batez beste, honako estatistikak pilatu ditu: 8,6 puntu, 3,4 errebote, 0,9 asistentzia eta 8,8ko balorazioa. FIBA Europe Cupean, berriz, 8,5 puntu, 4,5 errebote, 0,8 asistentzia eta 10,9ko balorazioa lortu ditu txapeldun izan diren lehiaketan.


