Surne Bilbaok Txapeldunen Liga jokatuko du datorren denboraldian

Bigarren denboraldiz jarraian FIBA Europe Cupa irabazi eta gero PAOK Thessalonikiren aurka eta Endesa Ligan zazpigarren sailkatu ostean, Surne Bilbaok Basketball Champions Leaguea jokatuko du hirugarren aldiz bere historian. Denboraldi gogoangarri baten ostean, Jaume Ponsarnauren mutilek erronka berri bat izango dute Europako txapelketan.

Aurrekariek adierazten duten moduan, ez da txapelketa erraza izan beltzezko gizonentzat; 2020-2021 denboraldian multzo fasean kanporatu baitziren, bi garaipen lortuz eta lau neurketa galduta. Denboraldi bateko atsedenaren ostean, 2022-2023 denboraldian Surne Bilbaok lehen multzo fase hori pasatzea lortu zuen, lau neurketa irabazita eta bi galduta. Final-zortzirenetan galdu zuen taldeak, une honetararte taldearen marka onena Basketball Champions Leaguean.

Izen handiko taldeak izango ditu  aurten txapelketak: Egungo txapelduna den Rytas Vilnus, Alba Berlin Alemaniako ligako txapelduna, Greziako AEK BC eta Peristeri Betsson, Galatasaray eta Tranzbospor talde turkiarrak, ERA Nymburk eta BK KVIS Txekiako txapeldun eta txapeldunordeak, Frantziako Nanterre 92, Cholet Basket eta SIG Strasbourg taldeak eta gure ligako kideak diren Joventut, Unicaja eta UCAM Murcia besteak beste. Europa mailan tokiko liga indartsuenetako taldeak dira eta gainera, urteetan zehar Europako txapelketa onenetan ibilitakoak baitira ere. Gainera klasifikazio fase bat egongo da beste hainbat talderentzat, haien artean Rio Breogan talde galiziarra.