Mikel Odriozolak Eslovakiako U20 selekzioaren gidaritza hartu du, Bratislavan jokatuko den Europako Txapelketari begira

Mikel Odriozola euskal entrenatzaileak pauso garrantzitsua eman du bere kirol ibilbidean, Eslovakiako 20 urtez azpiko (U20) saskibaloi selekzioko hautatzaile berria bilakatu baita. Erronka berri honi esker, nazioarteko saskibaloian murgilduko da buru-belarri, herrialdeko etorkizuneko jokalari onenen garapena eta taldearen norabidea bere gain hartuz.

Karguaz jabetu bezain laster, Odriozolak bere agendako lehen helburu nagusian jarri du arreta, hitzordu berezia bezain garrantzitsua baitute aurretik: uztailean jokatuko den U20 Europako Txapelketako B Maila. Gainera, txapelketa Bratislavan jokatuko da, Eslovakian bertan. Etxean eta euren zaleen aurrean aritzea motibazio handia izango da taldearentzat, eta euskal hautatzailea lanean hasia da jada taldea lehiaketa horretara ahalik eta baldintza onenetan irits dadin.

Mikel Odriozolarekin berba egiteko aukera izan dugu guzti honi buruz galdetzeko

G: Nola heldu zitzaizun aukera hau?

E: Kasualitatez gertatu zen. Euskal selekzioaren 20 urtez azpiko taldearekin etorri ginen hona, Bratislavara, Eslovakiaren aurka jokatzera, eta elkarrekiko harremana sortu zen. Aurreko urtean Eslovakiako 16 urtez azpiko selekzioarekin ibili nintzen, eta aurten 20 urtez azpiko selekzioarekin egoteko deitu naute. Esperientzia aberasgarria izango dela ziur nago, jokalari, kultura eta pentsamolde desberdinak ezagutzeko, baita Europako Txapelketaren esperientzia bizitzeko ere.

G: Nola joan dira lehen lagunartekoak Europako Txapelketa horri begira?

E: Estonian jokatu genituen bi neurketa, eta eroso egon zen taldea. Astebete inguru generaman elkarrekin entrenatzen, eta orain jarraitu egingo dugu, ea gauzek berdin jarraitzen duten.

G: FIBA Europe Cup-ean hainbeste bidaia egiteak eta bidaia horietako bat Eslovakiara egin izanak lagundu dizu selekzioa hobeto ulertzen?

E: Iaz hemen egoteak desberdina dela ulertzen lagundu zidan; egokitzapen puntu hori lortu nuen, eta, beharbada, hori da entrenatzaile batentzat zailena izan daitekeena. Baina argi dut, era berean, aurten BC Prievidzaren aurka jokatzeak lagundu egin didala; batez ere, herrialdeko saskibaloiaren egitura nola antolatuta dagoen jakiten lagundu dit, eta hemengo jendearekin hitz egitea beti izan dudalako onuragarri. Horrek norberak duen pentsamoldea zabaltzea dakar, eta beti da aberasgarria lan egiteko.

G: Denboraldian egindako lanak erronka honi aurre egiten laguntzen dizu? Eta, alderantziz, esperientzia honek urteko lana hobetzen laguntzen dizu? 

E: Ziur baietz. Azkenean, urte osoan Jaume Ponsarnaurekin eta Javi Salgadorekin lan egiteak eta nola lan egiten duten ikusteak, edota prestatzaile fisikoen eta fisioterapeuten taldea lanean ikusteak, ideiak ematen dizkizu; izan ere, lehen entrenatzaile lanetan zabiltzanean aurretiazko esperientzia hori baduzu. Bestalde, hona etortzeak, esan bezala, pentsamoldea zabaltzen dizu, eta Bilbora itzultzean dena argiago eta ikuspegi zabalagoarekin ikusten duzu. Nire iritziz, bi esperientzietatik onurak ateratzen ditut.

G: Talenturik ba al dago Eslovakian? 

E: Hemen daukaten errealitatea gurearen oso desberdina da. Herrialdea txikiagoa da, eta saskibaloi kultura ere txikiagoa da; azken finean, saskibaloia haien hirugarren kirola da, hockeyaren eta futbolaren atzetik. Hala ere, egitura fisiko handia eta oso garatua dute, eta hori izan daiteke hemen aurkitu dudan dohainetako bat. Gainera, oso jende jatorra da, lanerako oso prest dagoen talde bat dut, eta hori eskertu egiten da.

G: Zein dira zure itxaropenak txapelketa honetan? Etxean jokatuko duzue; beharbada, horrek lagundu egingo dizue.

E: Azkenean, txapelketa hemen antolatzea erronka bat da herrialdearentzat; saskibaloia hazkundean dago, eta horrek garrantzia ematen dio kirolari. Hala ere, ikusi egin behar dugu nola heltzen garen fisikoki, jokalari batzuek arazoak izan baitituzte. Egia da Estonian jokatu genituen norgehiagoketan eroso egon ginela, baina arazo horien ondorioz taldea aldatu egin zaigu. Txapelketan aurrera egiteko zenbat jokalari berreskuratzen ditugun, aukera gehiago edo gutxiago izango ditugu.