Bilbao Minersek emakumezkoen txapeldunordetza batekin eta gizonezkoen hirugarren postu batekin ekin dio Circuit PRO 3×3 FCBQ zirkuituari

Bilbao Minerseko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek asteburu bikaina osatu zuten Tarragonan, hura izan baitzen Circuit PRO 3×3 FCBQ zirkuituaren lehen geldialdia. Txapelketa horrek O Marisquiño lehiaketa entzutetsurako plaza bat ematen zion talde txapeldunari, eta bigarren sailkatuak, berriz, datorren uztailaren 18an jokatuko den Badalonako Questerako sailkatzen zituen.

Bi taldeen errendimenduak are balio handiagoa du koadroan zuten abiapuntuko posizioa kontuan hartuta. Gizonezkoen taldea zortzigarren talde indartsuen gisa joan zen txapelketara, eta meritu handiko hirugarren postu batean amaitzea lortu zuen. Emakumezkoek, berriz, laugarren talde indartsuen gisa ekin zioten, eta txapeldunordetza bikaina lortu zuten. Gainera, Badalonako Questerako sailkapena eskuratu zuten.

Gizonezkoen taldea honako jokalari hauek osatu zuten: Mohamed Niang, taldeko kapitaina eta Bilbao Miners proiektuko erreferentzia nagusietako bat; Iker Salazar, zeinaren fitxaketa berriak bultzada lehiakor garrantzitsua ekarri baitu eskarmentu handieneko jokalari bizkaitarretako bat den aldetik ematen duen esperientziari esker, nahiz eta aurretik 3×3 modalitatean esperientziarik ez izan; Nahuel del Val, Bilbao Basketeko harrobian hezia eta lehen taldearekin debuta egitera iritsi zena; eta Anton Alaña, U22 taldeko jokalaria eta Next Gen programako deialdietan ohikoa dena.

Bestalde, emakumezkoen taldean Jone Azkue, Itziar Ariztimuño eta Leyre Vindel aritu ziren  eta haiei Irene Murua batu zitzaien oraingoan, estatuko 3x3ko jokalari nabarmenetako bat. Haren eskarmentua, lidergoa eta modalitatearen ezagutza erabakigarriak izan ziren berriro ere txapelketa osoan.

Neskek finalera arte egin zuten bidea exijentzia goreneko koadro batek markatu zuen. Final-laurdenetan 18-12 mendean hartu zuten Agua y Jardin 3×3 taldea, Marta Garcia, estatukonjokalari onenetariko bat kide duen taldea. Finalerdietan, zirkuituko talde finkatuenetako bat garaitu zuten, Valencia Basket 3×3 21-9, eta finalerako txartela lortu zuten. Han, PBL Las Rozas 3×3 taldea izan zuten aurrez aurre, Espainiako selekzioarekin zilarrezko domina olinpikoa irabazitako Juana Camilion, nazioarteko jokalaria gidari zutela. Txapelketa txapeldunordetza bikain batekin amaitu zuten 19-10 galduz, eta emaitza horrek Badalonako Questerako sailkapena ere eman die.

Gizonezkoen kategoriari dagokionez, Bilbao Minersek bere lehiakortasuna erakutsi zuen berriro, txapelketako finalerdietara iritsita. Taldeak 21-7 galdu zuen Pando Mataro U25 taldearen aurka, hura izendatuko zen azkenean Circuit PRO 3×3 FCBQ zirkuituaren lehen geldialdi honetako txapeldun, eta, hala, hirugarren postu nabarmena lortu zuen. Emaitza horrek meritu berezia du, kontuan hartuta taldea zortzigarren talde indartsuen gisa abiatu zela, eta txapelketan estatuko 3×3 zirkuituan eskarmentu eta ibilbide handiena duten taldeetako batzuen aurka aritu zela.

Circuit PRO 3×3 FCBQ zirkuituko estreinaldiak oso balantze positiboa utzi dio Bilbao Minersi, bai emaitzengatik, bai bi taldeek estatuko zirkuituko talde onenetako batzuen aurrean erakutsitako sentsazioengatik. Datorren asteburuan, Bilbao Minersek hitzordu berri bat izango du Reusen. Taldeak Tarragonan lehiatu ziren jokalari ia berberak mantenduko ditu, eta bi aldaketa baino ez ditu egingo deialdietan: gizonezkoen taldean Oier Ardanzak Anton Alañaren lekua hartuko du; emakumezkoen taldean, berriz, Lucia Leguina arituko da Jone Azkueren ordez.