G: Zorionak Ibon, hamazazpi urte azpiko gizonezko taldea Espainiako txapeldun bilakatu delako 3×3 modalitatean, baina txapelketa hau, azken finean, Next Gen proiektuaren arrakastetariko bat baino ez da. Lau urte daramatzazue lanean. Zer da zehazki Next Gen eta zerk egiten du berezi?
E: Proiektua sortu baino lehen beti landu izan dugu ekaina aldera, denboraldi oste garaian, 3x3ko modalitatea gure taldeetan. Azken finean, uste dugu 3x3ak dituen zehaztazun horiek edozein jokalariri ondo datorkiozela; hiruko jaurtiketa, pase onak emateko gaitasuna, bat baten eta bi biren kontrako egoerak, joku fisiko eta azkarra… baina egia da, lau urtetik hona, Espainiako u17 3x3ko txapelketa sortu zutela, bultzada handia eman ziola proiektu honi are eta zentzu handiagoa emateko. Azken finean, gure helburu nagusia jokalarien formakuntza da, eta edozein egoeratan lehiakorrak izateko gaitasuna sustatzea.
G: Pasa den urtean, aurten irabazitako txapelketan bigarren izan zineten, proeiktuak jarraipen bat duela erakusten du honek ezta?
E: Bai, egia da emaitza ikaragarriak lortu izan ditugula parte hartu dugun txapelketa guztietan, Euskadi eta bai Espainiako txapelketan. Gauzak horrela, 4 urtetan, laugarren postu bat, txapeldunorde eta aurtengo txapeleketaren txapeldun izatea lortu dugu. Horrez gain, gizonezkotan lau Euskadiko txapelketa irabazi izan ditugu. Emakumezkotan, aurten, lan bikaina egin ostean eta lehenego aldiz, txapeldunorde izan gara.
Baina emaitzak aparte, argi daukagu gure lorpenik handiena, 3X3ko modalitatearekiko gure jokalariek erakusten duten sekulako konpromisua eta jokatzeko gogoak izan direla. Egia esan, diziplina honetako berezitazunak dominatzen eta kompetitiboak izaten haziak garela uste dut.
G: Jokalariak ere ezagutzera ematen dira, Urko Madariaga adibidez Espainiako 21 urte azpiko 3x3ko slekzioarekin egon da aurten eta Bilbao Miners Black taldearekin aritu da Bilbao Jokoanen, egindako lanak epe laburrean saritua izaten ari denaren kontziente zarete?
E: Argi dago egindako lan guztiak bere saria izan duela. Kasu honetan, Urkok 22 urtez azpiko ligan egindako denboraldi bikainaren eta lehen taldeari emandako laguntzaren ondorioz iritsi zaio aukera hau eta ondo aprobetxatu duelaz seguru nago.
Hala ere, egia da aurretik beste hainbat jokalari ere deitu dituztela selekzioarekin egotera urte hauetan: besteak beste, Aimar Mintegi, Bingen Errasti, Lander Barruetabeña, Jon Gomez, Pablo Valencia, Markel Bengoetxea, Julen Gascon eta Mikel Liñares. Azkenik, duela gutxi jakin dugu uda honetarako Mikel Liñares eta Jon Frias ere deitu dituztela, gure taldeak Espainiako Txapelketan egindako txapelketa bikainaren ondoren.
Deialdi horietatik haratago, garrantzitsuena da guzti horiek, harrobiko gainerako jokalariekin batera, maila oso ona ematen ari direla Minerseko entrenamenduetan, proiektuari egonkortasun handia eta zentzua emanez.
G: Entrenatzaileen lana askotan ez da behar bezala baloratzen, Next Gen proiektuko entrenatzaileen zereginak zelako garrantzia dute?
E: Urteak daramatzagu diziplina honetan trebatzen eta ikasten. Egia da ni betidanik joko honen zale sutsua izan naizela, eta, horrela, nire zaletasun hori egunero gainerakoei transmititzen saiatzen naiz. Gauzak horrela, aipatzekoa da harrobiko entrenatzaile, prestatzaile fisiko eta fisioek egiten duten lana. Proiektuaren arrakastarako, guztien lana funtsezkoa baita.
Hala ere, ikasi dugun gauzarik garrantzitsuena hurrengoa da, hobetzeko modurik onena esperientzia ezberdinak bizitzea, jokoa xehetasunez aztertzea eta, batez ere, horretan adituak diren jokalariekin ahalik eta gehien aritzea dela.
Horregatik, berebiziko garrantzia du gure gazteek Minersen proiektuan parte hartzeko aukera izateak.
G: Arduradun gisa, nola baloratzen duzu Bilbao Basketek proiektu honi eman dion babesa, egitura eta baliabide profesionalen aldetik?
E: Oso positiboki baloratzen dut klubak modalitate honen aldeko apustua egin izana, bere adar guztietan: Miners, Bilbao Jokoan 3×3 eta Next Gen proiektuetan. Bistan da izaten ari garen arrakasta, hiru kasuetan.
Argi dago guretzat ezezaguna zen mundu batean murgildu garela, eta pixkanaka horretara egokitzen eta prestatzen ari garela anbizioz eta lehiakortasunez aritzeko. Etorkizun baten baliabide profesional gehiago edukitzea gustatuko litzaiguke noski, baina konfiantza eduki behar dugu prozesuan beran.
Pausoz pauso, klubeko egitura sendotzen ari da, eta, aldi berean, modalitate hau ere etengabe hobetzen joango da.
G: Nola lortu duzue lau urte hauetan proiektu honek horrelako arrakasta izatea
E: Aurretik aipatu dudan moduan, zalantzarik gabe, klub osoaren eta egitura osatzen dugun profesional, nahiz jokalari guztien konpromisuari esker da. Denok norabide berean ari gara lanean, helburu berarekin eta mentalidade egokiarekin. Lan eta esfortzu handia egiten ari gara denok, eta horrek egiten du posible gaur egun lortzen ari garena.
G: Zein da hurrengo urratsa proiektuaren barne-egitura are gehiago sendotzeko?
E: Uste dut proiektuaren hazkundea hura osatzen duten hiru ardatzen garapenarekin batera etorriko dela: Miners, Bilbao Jokoan 3×3 eta Next Gen. Hiru proiektuak batera hazten eta indartzen badira, proiektu osoak ere aurrera egingo du.
G: Zeintzuk dira Bilbao Minersek aurretik dituen hurrengo erronkak?
E: Momentuz denboraldia ez da guztiz amaitu, gutxieneztxapelketa bat gehiago dugu Minersekin, Reusen, hain zuzen ere. Orain asteburu bat dugu aurretik lehian, eta helburua esperientzia pilatzen jarraitzea eta ahalik eta lehiakorren aritzea da. Txapelketetako maila handia izango da, baina uste dugu prestaketa ona egin dugula, nahiz eta gainerako taldeek baino txapelketa gutxiagotan lehiatu izanaren desabantaila izango dugun.Hala ere, 3x3an esperientzia handia duten hainbat jokalari gehitzea lortu dugu. Horrek lehiakorrago izaten lagunduko digula uste dugu, eta, aldi berean, euren esperientzia proiektuari zein gazteei transmititzeko aukera emango du.


