Tryggvi Hlinason pibotak 2029ra arte jarraituko du Surne Bilbaon, aurten FIBA Europe Cup txapelketa irabazi eta Endesa Ligan joko maila bikaina erakutsi ostean play-offetarako sailkapena lortuta. Islandiarrak hiru denboraldi daramatza Bilbon, eta gutxienez beste hiru urtez gozatuko dugu hartaz Bilbon, kapitain gisa.
Liderra izan da aurten pibot islandiarra kantxan, denboraldi bikaina sinatu baitu Hlinasonek. Aurtengo errebote-hartzaile nagusia izan da ligan, eta baita saskia gehienetan birrindu duen jokalaria ere. Horrez gain, bosteko onenerako izendatuen artean egon da Endesa Ligan, eta 34. jardunaldiko MVP-a izan zen. Gainera, FIBA Europe Cupen, txapeldun bilakatu eta gero, bosteko onenerako izendatu zuten.
Partida bikainak egin ditu urtean zehar; hala ere, Endesa Ligan egindako gogoangarriena MVP izandako azken jardunaldikoa izan zen, La Laguna Teneriferen aurka. Bertan, 20 puntu, 11 errebote, 2 asistentzia, 2 lapurreta eta tapoi bat sinatu zituen, 31ko balorazioa lortzeko eta, garaipen horrekin batera, play-offetarako sailkapena eskuratzeko. FIBA Europe Cupen ere oso neurketa finak egin ditu, baina finaleko itzulerako norgehiagokan, PAOK Salonikaren aurka, 9 puntu, 7 errebote, 5 asistentzia eta 2 tapoi lortu zituen, 21eko balorazioa izanda eta taldeari txapelketa eman zion neurketan ezinbestekoa bihurtuta.
Estatistikei erreparatuz, Bilbon dagoenetik denboraldi onena egin du islandiarrak. Endesa Ligan, partidako 10,1 puntu, 6,7 errebote, 1,7 asistentzia eta 1,3 tapoi egin ditu, batez besteko 15eko balorazioa lortzeko. FIBA Europe Cupen 8,8 puntu, 5,7 errebote, 1,9 asistentzia eta 1,6 tapoi egin ditu txapelketan zehar, 15,7ko balorazioarekin.


