Harald Frey antolatzaile norvegiarrak 2029ra arte jarraituko du. Oslokoak akordioa berritu du talde bilbotarrarekin, bi denboraldi hauetan taldeko liderretako bat bihurtu ostean. Endesa Ligan joko-maila bikaina erakutsi du, eta, aurten, gainera, playoffetarako sailkapena lortu du, zazpigarren postua eskuratuta. FIBA Europe Cupean garrantzitsua izan da Jaume Ponsarnaurentzat, taldea bigarren urtez jarraian txapeldun bilakatzeko.
Aurten neurketa garrantzitsuak jokatu ditu maila onean, denboraldiko lorpenak egia bilakatzeko. Endesa Ligan, UCAM Murtziaren aurkako garaipenean, 24 puntu, errebote bat, 3 asistentzia eta lapurketa bat lortu zituen, eta 22ko balorazioa eskuratu. FIBA Europe Cupean izan duen partidarik onena Peristeri talde greziarraren aurka jokatu zuen: 18 puntu saskiratu, 2 errebote jaso eta 5 asistentzia banatu zituen, 20ko balorazioa lortzeko. Hala ere, finalean baliotsua izan zen itzulerako neurketan; izan ere, haren 9 puntuek, 3 asistentziek eta lapurketa bakarrak joaneko norgehiagokako 6 puntuko aldeari buelta ematen lagundu zioten taldeari.
Denboraldi ona egin du, beraz, Freyk. Taldeko kokapitainak Endesa Ligan 7,1 puntu, 1,4 errebote eta 2,9 asistentzia lortu ditu partidako, batez beste 7,7ko balorazioa lortzeko. FIBA Europe Cupean antzeko zenbakiak lortu ditu: 6 puntu, 1,6 errebote eta 3,7 asistentzia partidako, batez beste 7,5eko balorazioarekin.


