Surne Bilbaok garaipena lortu du Recoletas San Pablo Burgosen aurka, asteburuko lehen neurketan

Surne Bilbaok 72-79ko emaitzarekin mendean hartu du Recoletas Salud San Pablo Burgos, irailaren 11n Coliseum Burgos pabiloian jokatutako I. Coliseum Txapelketako neurketan. Partida oso lehiatua izan da, eta bilbotarren aldetik Aleix Font izan da saskiratzaile nagusia, 15 punturekin. Halaber, Bastien Vautierrek lan bikaina egin du taula azpian (10 puntu eta 16ko balorazioa). Etxeko taldean, DJ Steward nabarmendu da 17 puntu lortuta, baina haren ahalegina ez da nahikoa izan burgostarrentzat.

Lehen laurdena saskiratze eskasekin hasi zen; lehen lau minutuetan 4-2koa zen markagailua bilbotarren alde. Hala ere, hurrengo uneetan bi taldeek erritmoa bizitu zuten. Aleix Fontek eta Darlingek beste erritmo bat erantsi zieten beltzezko gizonei, bi hiruko jarraian saskiratuta. Bilbotarrek, hainbat erasotan huts egin ostean, partidaren erritmoa aurkitu zuten, eta burgostarrek ezaritako 8 puntuko aldea murriztea lortu zuten. Amaieran, Luke Petraseken hiruko bati esker, 22-19ko markagailua ezarri zen.

Bigarren laurdenean, Surne Bilbao izan zen aurrerapausoa eman zuen taldea, lau puntuko alde hori irauliz eta laurdena hasi bezain laster aurretik jarriz, Fonten joko onari esker. Bide beretik jarraitu zuten Jaume Ponsarnauren mutilek, eta markagailuko aldea bederatzi puntutaraino handitu zuten. DJ Stewardek alde hori murriztea lortu zuen, jarraian sartutako bi hirukori esker. Atsedenaldian, 37-42koa zen emaitza.

Aldageletatik bueltan, berriz irauli zen neurketa, eta Recoletas San Pablo Burgosek lehia 46nara berdintzea lortu zuen laurdenaren erdialdean. Handik aurrera, bi taldeen akatsek gidatu zuten jokoa: batek baloia galtzen zuenean, besteak kontraerasoan saskiratzea lortzen zuen. Laurdenaren amaieran, bilbotarrek berriz ere aurretik jartzea lortu zuten burgostarrek hartutako abantailari buelta emanda, eta 57-59 amaitu zen hirugarren zatia.

Azken laurdenean, bazirudien Ponsarnauren mutilak berriz ere nagusi zirela jokoan. Hasieratik intentsitate handiagoarekin jokatzea lortu zuten, erasoan zein defentsan. Harald Freyk bi hiruko sartu zituen markagailuan aldea sortzeko, eta, laurdena bukatzear zegoenean, 9 puntuko aldea ezarri zuten Manexen hiruko bati esker. Neurketaren amaieran, 72-79 gailendu zen Surne Bilbao.