Surne Bilbao I. Coliseum Txapelketako txapeldun Leyma Coruña irabazi ostean

Surne Bilbaok garaipen bikaina lortu du Leyma Coruñaren aurka (90-96) Burgoseko I. Coliseum Txapelketan, eta txapeldun atera da talde bilbotarra. Galiziarrek lehen zatia menderatu zuten arren (atsedenaldira 53-44ko abantailarekin iritsiz), talde bizkaitarrak bigarren zatian markagailua iraultzea lortu zuen, hirugarren laurdenean partidua 70na berdindu ostean. Nate Darlingen (18 puntu) eta Darrun Hilliarden (17 puntu) erasoko ekarpenari esker, Jaume Ponsarnauk zuzendutako taldeak garaipena ziurtatu zuen azken laurdenean, Leyma Coruñako George Conditt IV.aren (16 puntu) ahaleginak ezerezean utziz.

Lehenengo laurdena Surne Bilbaoren bi saskiratzerekin hasi zen lehen bi erasotan, zuriz jokatzen ari ziren bilbotarren alde. Hala ere, handik aurrera galiziarrak izan ziren nagusi lehen laurdenaren erdialdean, markagailua irauli baitzuten 10-0eko partzial batekin, eta erreboteetan nagusitu ziren, defentsan zein erasoan. Handik aurrera, saskiratze-erritmoa moteldu egin zen, batez ere bilbotarrentzat. Une batean edo bestean markagailuan hurbildu arren, lehen laurdena 23-16 amaitu zen.

Bigarren laurdena antzera hasi zen bilbotarrentzat: defentsan zein erasoan akatsak egin zituzten, eta Leyma Coruñak 16 puntuko aldea zabaldu zuen markagailuan lau minutu igarota. Gerora, alde hori 11 puntura murriztu zen. Martin Krampeljek eta Harald Freyk eman zioten bizitza taldeari une larrienetan. Azkenean, talde bizkaitarra 9 puntuko desabantailarekin iritsi zen atsedenaldira, 53-44.

Aldageletatik itzultzean aldeak ez zuen gora edo behera nabarmenik egin. Ponsarnauren mutilek falta arazoekin jarraitzen zuten; lehenengo hiru minutuetan jada bonusean sartu ziren, defentsa lanak zailduz. Hala ere, bilbotarrek arazo horiei aurre egin zieten, eta laurdenaren erdialdean jarraian sartutako hirukoei esker, 3 puntura hurbildu zen taldea. Laurdenaren amaieran markagailua berdinduta zegoen (70-70), eta dena azken laurdenean zegoen erabakitzeke.

Azken laurdenean, bilbotarrak lehen aldiz gailendu ziren jokoan. Erakutsitako joko onak Carles Marco Leyma Coruñako entrenatzailea hutsartea eskatzera behartu zuen, MIB-ek 4 puntuko aldea lortu zutenean. Bilbotarrek 15 puntuko aldea izatera ere iritsi ziren neurketa bukatzeko 3 minutu falta zirenean, Manex Ansorregiren borroka nekaezina eta Hlinasonen nagusitasunari esker. Azkenean, Surne Bilbao atera zen garaile, 90-96ko emaitzarekin.