Euskal derbia Miribillan geratu da

Surne Bilbaok 84-80 garaitu zuen Kosner Baskonia Miribillako euskal derbian, hasierako desabantaila handiari buelta emanez eta hirugarren laurdenean markagailua irauli ondoren. Etxeko taldean Tryggvi Hlinason izan zen baloratuena 27 krediturekin (18 puntu, 6 errebote, 2 asistentzia eta 5 txapel), Margiris Normantas (25eko balorazioa; 19 puntu, 6 errebote, 3 asistentzia eta 3 berreskuratze) gertutik jarraituta; gasteiztarren artean, berriz, Kenan Kamenjas nabarmendu zen 39ko balorazioarekin (24 puntu, 12 errebote eta asistentzia bat) eta Kobi Simmons 19ko balorazioarekin (20 puntu, 2 errebote, 5 asistentzia eta 2 berreskuratze). 

Lehen laurdenean bi taldeak indartsu sartu ziren, norgehiagoka bat baino gehiago jokatzen ari zirela jakinda; lehen bost minutuak bi taldeen saskiratzeekin igaro ziren, eta markagailuan berdinduta jarraitu zuten. Gasteiztarrak izan ziren bost minutu horiek igaro ostean 10 puntuko aldea zabaltzeko gai izan zirenak, bilbotarren lau eraso kaskarren ondorioz. Jaume Ponsarnauk hutsartea eskatu zuen 0-12ko partzial baten ostean, eta handik irtetean beltzezko gizonek 2+1eko saskiratze bat lortu zuten. Hala ere, taldea ez zen garaiz suspertu, eta aldea mantendu egin zen laurdena bukatu aurretik: 17-27.

Bigarren laurdena berdin hasi zen; 10 puntuko aldea ez zen gehiegi mugitu, ez gorantz ezta beherantz ere. Bi taldeek hainbat akats egin zituzten laurden honetan, bai erasoan bai defentsan, eta ez ziren gai izan euren helburuak lortzeko. Bilbotarrek indar gehiago erakutsi zuten laurdenaren amaieran, eta aldea nabarmen murriztea lortu zuten Ponsarnauren mutilek; atsedenaldira aldea 4 puntura murriztu zen: 45-49.

Atsedenalditik itzultzean, aldea berriz ere 9 puntura zabaltzea lortu zuen kanpoko taldeak; hala ere, poztasunak ez zien gehiegi iraun, laurdenaren erdialdea igaro berri zenean aurretik baitzegoen talde bilbotarra berriz ere. Marea beltzak bere lana bikain egin zuen, eta pabiloiaren bultzadak taldea 5 puntuko aldea lortzera eraman zuen. Ez zen hor geratu taldearen momentu ona, eta 11 puntuko gehienezko aldea lortu zuten Ponsarnauren mutilek minutu baten faltan. Laurdenaren amaieran, 10 puntu goitik joan zen Surne Bilbao euskal derbian: 70-60.

Azken laurdena akatsez josita hasi zen bi taldeentzat; gasteiztarrak finago ibili ziren, eta lehen lau minutuetan egindako 0-6ko partzial batek neurketara gerturatu zituen berriz ere. Ponsarnauk hutsartea eskatu ondoren, Margiris Normantasek 6-0ko partzial batekin 10 puntuko aldea zabaldu zuen berriz ere. Neurketa bukatzear zegoela, 5 puntura jarri ziren berriz ere gasteiztarrak, bilbotarrak urdurituz. Izan ere, urduritasun hori nabaritu egin zen: Harald Frey kaleratua izan zen, eta geroago Margiris Normantasek beste erasoko falta bat egin zuen minutu bat baino gutxiagoren faltan eta 5 puntuko aldearekin. Norgehiagoka 84-80 bukatu zen etxeko taldearentzat.