Bilbao Basketek bigarren urtez jarraian jokatuko du U22 mailan, formakuntzako saskibaloiaren eta bertako nortasunaren alde eginez. 2026-2027 denboraldirako, klubak 26 jokalari izango ditu jardunean, eta horietako batzuek aktiboki hartuko dute parte Junior eta Lehen Nazional mailetan (Santurtzi S.T.). Aurtengo fitxaketen artean, Iván Montero izango da Bilbao Basketen indargarrienetako bat, Movistar Estudiantesetik datorren 18 urteko jokalaria da Espainiako saskibaloiko promesa gazteenetako bat da. Monterok hegaleko zein hegal-pibot postuetan joka dezake, eta kanpoko jaurtiketan, jokoaren irakurketan zein saskitik gertu puntuak egiteko gaitasunean nabarmentzen da, bere 2,05 metroko altuera aprobetxatuz. Bere ekarpenak Espainiako U18 selekzioaren deialdia ekarri dio, eta uztailean zehar harekin egon da kontzentratuta. Bestalde, Oier Ibarrola, 21 urteko jokalaria, plantilara gehitu da; hark ere hainbat postutan joka dezake, eta kanpoko jaurtiketa du arma nagusi gisa. Aurreko denboraldian Baskoniarekin aritu zen, 3. FEB mailan, eta partida bakoitzeko batez beste 8,1 puntu, 3,5 errebote eta 0,7 asistentzia lortu zituen.
Halaber, harrobiko taldeak 2025-2026 denboraldiko plantilaren gehiengoari jarraipena emango dio: Bingen Errasti, Guillermo Bravo, Aner Sardui, Oier de las Heras, Haritz Mateo, Urko Madariaga, Aimar Mintegui eta Anton Alaña. Horiez gain, junior mailatik igoko dira Javier Ochoa, Julen Gascon eta Asier Fernandez, kalitatea eta energia ekarriko dituztenak. Hala ere, klubak junior mailako kideen alde ere egingo du apustu, esaterako Mikel Liñaresen eta Jon Fríasen alde, biek udan zehar Espainiako 3×3 Selekzioaren teknifikazio jardunaldietan parte hartzeko aukera izan zuten.
Bilboko taldeak U22 mailako saskibaloiaren elitean lehiatzeko erronkari egingo dio aurre, unibertsitateko ikasketekin uztartuz. Gainera, denboraldiaurrean, Iván Montero, Bingen Errasti, Urko Madariaga, Mikel Liñares eta Aimar Minteguik, Jaume Ponsarnauren agindupean lan egiteko aukera izango dute, lehen taldearekin. Klubak, aurten ere, berresten du formakuntzako saskibaloiarekiko konpromisoa eta bertako talentu gazteen aldeko apustua. Klubaren ADNean dago jokalariei garapenerako egitura sendo eta lehiakorra eskaintzeko helburu nagusia, Estatuko goi mailako saskibaloirako benetako zubi gisa balio dezan. Horrela, Bizkaiko saskibaloiko promesek maila profesional gorenera iristeko bide zuzena bermatuta izango dute. U22 maila, beraz, kirol arloan heltzeko esparru aproposa bilakatzen da.
Talde teknikoari dagokionez, Mikel Torre arituko da berriz ere entrenatzaile nagusi gisa. Haren alboan, Iñigo Sainz-Trapaga bigarren entrenatzaile izango da, eta Aritza Alcibar laguntzaile. Prestakuntza fisikoaren eta osasunaren arloak Quentin Renard prestatzaile fisikoaren eta Ibai Legarra fisioterapeutaren gidaritzapean jarraituko du. Aurten, Adriana Rodríguez gehitu da lan-taldera, laguntzaile eta taldeko ordezkari gisa.


