Jaume Ponsarnauren taldeak irailaren 26an ekingo dio lehiaketari, Bilbao Arenan, eta maiatzaren 22ko asteburuan amaituko du liga erregularra, Endesa liga eta Txapeldunen Liga uztartuko dituen denboraldian.
Surne Bilbaok irailaren 26an, larunbatean, hasiko du txapelketa 18:00etan, Bilbao Arenan Kids & Us Manresa hartuta ekingo die lehiaketako 34 jardunaldietako lehenengoari, eta 2027ko maiatzaren erdialdera arte ez da amaituko bide hori. Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak gogotsu helduko dio sasoiari, aurreko denboraldian hamaika urte igaro ondoren, Endesa ligako playoffetara itzultzea lortu baitzuen.
Manresaren aurkako estreinaldiaren ostean, Bizkaiko taldeak Coruñara egingo du bidaia urriaren 4an, Leyma Coruñaren aurka jokatzeko. Hilabete horretan bertan, garrantzi handiko beste bi hitzordu izango ditu: urriaren 18an, Real Madrilen aurka arituko da Madrilen eta urriaren 25ean, MoraBanc Andorra hartuko du Bilbao Arenan. Etxeko egutegiko lehen norgehiagoka erakargarria azaroaren 22an jokatuko da, bederatzigarren jardunaldian Kosner Baskoniaren aurkako euskal derbia jasoko baitu Miribillak.
Gabon aurreko tartea bereziki trinkoa izango da; Surne Bilbaok Barça hartuko du abenduaren 20an, eta La Laguna Teneriferen kantxan jokatuko du abenduaren 27an. Urteari agur esateko, Ilerna Lleida hartuko du etxean, abenduaren 30ean. Handik hiru egun eskasera, Unicajaren aurka jokatuko du Malagan.
Baskoniaren aurkako itzuliko partida urtarrilaren 30ean jokatuko dute, Gasteizen. Real Madrilen aurka urriaren 18an etxetik kanpo eta maiatzaren 2an etxean arituko da Bilboko taldea eta Barçaren aurka, berriz, abenduaren 20an Bilbao Arenan eta martxoaren 7an Palaun. Bestalde, Valentzia Basket ,aurreko sasoiko playoffetan bilbotarren aurkari izandakoa, urtarrilaren 10ean izango du aurrez aurre etxetik kanpo, eta apirilaren 18an Miribillan.
Liga erregularra maiatzaren erdialdean bukatuko da. 31. jardunaldian Real Madril hartu ondoren, Surne Bilbao Burgosen arituko da maiatzaren 9an, eta etxeko zaleak agurtuko ditu maiatzaren 15ean, Unicajaren aurka, txapelketako azken-aurreko jardunaldian. Izan ere, Endesa liga 34. jardunaldiarekin itxiko dute etxetik kanpo, ilerna Lleidaren kantxan.Azken jardunaldi honen data eta ordua oraindik ez daude zehaztuta egutegi ofizialean.


