Partida erabakigarria Surne Bilbaorentzat

Surne Bilbaok partida erabakigarria jokatuko du bihar arratsaldeko 20:30ean (DAZN) La Laguna Teneriferen aurka playoffetako postu bat lortzeko borrokan Santiago Martín pabilioian. Bilbotarrek beraien esku dute playoffa den saria eskuratzea kanariarren aurkako partidan, izan ere partida irabaziz gero zazpigarren izango lirateke sailkapenean beste neurketetan zer gertatzen den axola gabe. Hala ere, beltzezko gizonek galtzekotan, Kosner Baskonia eta Unicajaren arteko norgehiagokan zer gertatzen den izan beharko lukete kontuan, Bilbokoek galdu eta Malagakoek irabaztekotan lehenengo 8 postuetatik at geratuko bailira Jaume Ponsarnauren gizonak.

Txus Vidorretaren gizonek beraien helburua bete zuten azkenengo jardunaldian, Coviran Granada 96-109 garaitu ostean lehenengo 8 sailkatuen artean egotea ziurtatu baitzuten 9. aldiz azken 10 urteetan, azken 8ak Vidorretaren gidaritzapean. Beraz etxeko taldeak 7. postua izango du jokoan soilik, irabaztekotan lortuko lukeena eta MIB-en aurka galtzekotan kanpoko taldearentzat joango litzatekeena. 

Irlakoak nahiko ukituta datoz, haien errotazioan garrantzitsuak diren Giorgi Shermadini, Marcelinho Huertas, Bruno Fitipaldo, Rokas Giedraitis eta Aaron Doornekamp lesionatuta baitaude, ia postu bakoitzeko jokalari bat eta Vidorretak sarritan hasierako bostekoan erabilitako jokalariak. Hala ere, arazoei aurre egiten jakin dio uharteko taldeak, azken egunetan jada debuta egin duen Elvar Fridriksson joko antolatzailea eta Kevin Yebo hegal-pibota fitxatu baititu.

Lesioak lesio, Tenerifekoek badituzte oraindik denboraldi izugarria egiten hari diren jokalariak, Patty Mills australiarra, besteak beste. Bere saskibaloi ibilbidearen nagusitasuna San Antonio Spursetan eman duen jokalaria, denboraldia hasita heldu zen irlara eta hala ere, jokatu dituen hamar neurketetan 19,2 puntu saskiratu ditu, 1,5 asistentzia banatu, eta 15,5 puntuko balorazioa lortu du, ligako erasotzaile onenetarikoa bilakatuz. Jaime Fernandez eskoltak bestalde, 10,2 puntu, 2 errebote eta 2,8 asistentzia banatu ditu batez beste denboraldian zehar, 10,5 puntuk balorazioa pilatuz.

Liga erregularreko azken partida erabakigarri honi aurre egingo dio Surne Bilbaok, eta atzo Ponsarnauk prentsaurrekoan adierazi zuen bezala beraien esku dagoen guztia egingo dute beste Kosner Baskonia eta Unicajaren arteko neurketaren baitan ez egoteko.