Surne Bilbaok Kanarietarako bidea hartu du, aurredenboraldiko azken bi lagunartekoak La Laguna Teneriferen aurka jokatzeko. Lehenengo proba irailaren 18an, ostirala, izango da (21:00etan), Costa Adeje Garaikurraren barruan, bigarrena, berriz, irailaren 20an, igandea (13:00etan), Santiago Martin pabiloian. Jaume Ponsarnauren taldeak sasoi betean ekingo dio hitzordu bikoitz horri, lau partidatan lau garaipen lortu, eta hamar egun eskasen buruan hiru titulu bereganatu dituela. Hori guztia 2026-2027ko denboraldiaren atarian, izan ere, Endesa Ligan ez ezik, Txapeldunen Ligan (Basketball Champions League) ere arituko da kluba aurten.
Irailaren 6an hasi zen aurredenboraldia bilbotarrentzat, Laredoko Emilio Amavisca pabiloian, Alega Cantabriaren aurkako 103-81eko garaipen biribilarekin. Lehen laurdenean talde kantabriarra puntu bateko aldeaz nagusitu zen arren, Surnek Bilbaok erasoaldi ikusgarri batekin erantzun zuen bigarren zatian. Hala, partida ia erabakita utzi zuen atsedenaldirako, eta gerora abantaila hori bikain kudeatu zuen amaierara arte. Nate Darling (22 puntu) eta Tryggvi Hlinason (15 puntu eta 8 errebote) izan ziren aurredenboraldiko estreinaldi horren gidariak.
Irailaren 11ko eta 12ko asteburuan, Burgoseko Coliseum pabiloian, taldeak I. Coliseum Txapelketa poltsikoratu zuen, partida guztiak irabazita. Lehen norgehiagokan 79-72ko emaitzaz gailendu zitzaion Recoletas San Pablo Burgosi, partida oso lehiatu batean. Azken laurdenean erabaki zen lehia, Aleix Fonten 15 puntuei, Bastien Vautierren 10 puntuei eta 16ko balorazioari, eta Harald Freyk, Luke Petrasekek eta Manex Ansorregik une erabakigarrietan sartutako hirukoei esker. Biharamunean, Bilboko taldeak atsedenaldian zuen bederatzi puntuko desabantailari buelta eman zion Leyma Coruñari 96-90 irabazteko. Nate Darlingek 18 puntu sartu zituen, eta Darrun Hilliardek, berriz, 17; Ansorregik, Krampeljek eta Freyk ere ekarpen garrantzitsua egin zuten azken txanpan. Horrela, aurredenboraldiko lehen titulua ziurtatu zuten.
Taldearen bertsiorik onena joan den asteartean ikusi zen, Mendizorrotzan. Kosner Baskoniari 99-85 irabazita, talde bilbotarrak Euskal Kopa eskuratu zuen 2021etik lehen aldiz. Lehen minutuetan Baskonia izan zen nagusi markagailuan, baina beltzezko gizonek partidaren kontrola hartu zuten bigarren laurdenean, atsedenaldira aurretik iristeko. Hirugarren laurdenean, ordea, euren saskibaloirik onena jokatu zuten, eta 20 puntutik gorako errenta ere lortu zuten. Bastien Vautier izan zen pistako jokalaririk onena; 17 puntu, 7 errebote, 3 tapoi eta 29ko balorazioa erdietsi zituen. Harekin batera nabarmendu ziren Tryggvi Hlinason (12 puntu, 8 errebote eta 3 tapoi) eta Martin Krampelj (13 puntu). Darlingek, Somogyik, Hilliardek eta Normantasek ere kalitatezko minutuak eskaini zizkioten aurredenboraldi osoan norgehiagokarik galdu ez duen taldeari.
Testuinguru horretan iritsi da taldea uharteetara: lau garaipen poltsikoan, hiru garaikur besopean eta bloke sendo bat osatuta, non Hlinasonen eta Vautierren barneko sendotasuna bikain uztartzen den Darling, Font, Hilliard nahiz Freyren kanpoko jokoaren sakontasunarekin.
Tenerifen, beltzezko gizonak bitan neurtuko dira La Laguna Teneriferen aurka. Lehenengo norgehiagoka irailaren 18an izango da, ostirala (21:00etan), Costa Adeje Garaikurraren barruan. Bi egun geroago, irailaren 20an, igandea (13:00etan), bi taldeek berriro ikusiko dute elkar Santiago Martin pabiloian, Kanarietako saskibaloian tradizio handiena duen agertokietako batean. Ponsarnauren mutilek jokatuko dituzten azken bi probak izango dira lehiaketa ofiziala hasi aurretik; hau da, aukera ezin hobea aurredenboraldian nagusi izan den multzoaren errotazioak eta automatismoak doitzen jarraitzeko.


