Surne Bilbaok gogor landutako garaipena lortu du Recoletas Salud San Pablo Burgosen aurka

Surne Bilbaok 96-87 irabazi dio Recoletas Salud San Pablo Burgosi Endesa Ligako neurketan. Hasiera oso berdindua izan zen, eta atsedenaldira bisitariak aurretik iritsi ziren. Hirugarren laurdenean egin zuten aldea etxekoek, eta azkenekoan ere nagusitu ziren; guztira, 24 minutu eta 19 segundoz egon ziren aurretik markagailuan, eta gehienez 12 puntuko abantaila izan zuten. Hirukoek eta libreek egin zuten aldea: etxekoek 13 hiruko sartu zituzten 35 saiakeratik, eta 21 libre 27tik; bisitariek, aldiz, 7 hiruko 20tik, eta 12 libre 16tik. Etxekoen artean, Hlinason izan zen baloratuena (18), 21 minutuan 9 puntu, 5 errebote eta 2 asistentzia lortuta. Krampeljek 13 puntu eta 5 errebote bildu zituen 18 minutuan (16ko balorazioa), eta Freyk 10 puntu gehitu zituen (14ko balorazioa). Bisitarien artean, Radosavljevic izan zen partidako baloratuena (20), 22 minutuan 11 puntu, 9 errebote (4 erasokoak) eta 3 asistentziarekin. Koprivicak 14 puntu, 7 errebote eta 2 txapel bildu zituen (19ko balorazioa).

Lehenengo laurdena bi taldeen eraso-trukaketarekin hasi zen, defentsako lanetan hutsuneak uzten zituztelarik bi taldeek. Jaume Ponsarnauk bostekoa aldatu aurretik, hiru jokalarik jada saskiratzeak lortuak zituzten beltzezko gizonentzat. Burgoskoen artean, Balsa Koprivica zen erasoan arrisku gehien sortzen ari zena, laurdenaren erdia igarota 6 puntu baitzituen jada. Urdinez jantzitako taldea zen jokoan erosoen sentitzen zena, eta hiru puntuko alde txikia lortu zuen txandakatzez betetako laurden batean. Hala ere, bilbotarrek alde hori murriztea lortu zuten lehen hamar minutua amaitu aurretik, eta 19-20 heldu ziren atsedenera.

Bigarren laurdenaren hasieran, Recoletas Salud San Pablo Burgosen eraso on baten ostean, Surne Bilbaok hiru eraso on kateatu zituen jarraian, eta, defentsako lana indartuz, hiru puntu aurretik jarri zen bi minutu igaro baino lehen. Aurretik egon arren, Ponsarnauren mutilak ez ziren gehiegi urruntzen markagailuan, eta hori ekiditeko Porfirio Fisacek hutsartea eskatu zuen. Efektua izan zuen, bere taldeak zegoen alde txikia desagerrarazi baitzuen. Lehen zatia amaitzeko geratzen ziren bost minutuek bide beretik jarraitu zuten: inor ez zen hiru puntuko aldea gainditzeko gai izan, eta atsedenaldira 44-45eko markagailuarekin joan ziren bi taldeak.

Atsedenalditik itzultzean beltzezkoak izan ziren lehen aldea zabaldu zutenak; sei puntuko abantaila lortu zuten Luke Petraseken bi hirukori esker. Defentsako lanetan ere indar handiagoa erakusten ari ziren, aurreko bi laurdenekin alderatuta. Fisacek beste hutsarte bat eskatu behar izan zuen, Surne Bilbaok jarraian lau hiruko saskiratu ostean. Hutsartetik itzultzean, Martin Krampeljek beste hiruko bat lortu zuen, taldeak baloia ezin hobeto mugitu ondoren. Burgoskoek erreakzioa izan zuten laurdenaren amaieran, baina bilbotarrek bereganatu zuten laurden hau (30-25), eta 74-70koarekin heldu ziren azken atsedenera.

Azken laurdena Tryggvi Hlinasonen bi jokaldi bikainekin hasi zen: saskia jokaldiko azken segundotan birrinduz lehenik, eta txapel bat jarriz geroago. Handik aurrera norgehiagokaren ritmoa nabarmen moteldu zen; minutu luze batez jokoan egindako saskiratzerik gabe egon ostean, berriro Hlinasonek saskia birrindu zuen arte. Bazirudien MIBek nagusitasuna ezarri zutela laurdenaren erdialdera iristean, baina Fisacen mutilek berriro erreakzionatu eta markagailua berdindu zuten 0-9ko partzial bati esker. Freyren hiru jaurtiketa libreri eta Normantasen hiruko bati esker, lau puntuko aldea ezarri zuten Bilbokoek minutu baten faltan. Hilliardek hiruko bat sartu zuen 30 segundoren faltan, behin-behineko zazpi puntuko aldea zabaltzeko. Neurketa etxean geratu zen, beltzezko gizonen garaipenarekin: Surne Bilbao 96, Recoletas Salud San Pablo Burgos 87.