Cámarabilbaok eta Bilbao Basketek lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbao Arenan

Cámarabilbaoko idazkari nagusia Mikel Arieta-araunabeñak eta Bilbao Basketeko ahalduna Isabel Iturbek sinatu dute, Miribillako kantxan, ordezkatzen dituzten bi erakundeen arteko urteroko lankidetza-hitzarmen berriztagarria.

“Gaur lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugu Bilbon eta Bizkaian erabat errotuta dauden bi erakunderen artean”, adierazi du Mikel Arieta-araunabeñak. “Bilbao Basketen zaleentzat zein abonatuentzat eta Bilboko Ganberako ikasleentzat onuragarria den akordioa” azpimarratu du.

Sinatutako hitzarmenari esker, Bilbao Basketeko bazkideek, lehen taldeko jokalariek, Kantera proiektuko kirolari gazteek eta klubeko langileek deskontu berezia izango dute Cámarabilbao Languages Ganberako hizkuntza-eskolan ematen diren ingeleseko, frantseseko eta alemaneko urteko ikastaroetan, bai 11-15 urteko Juniorsentzat, bai Seniorsentzat.

Bestalde, Cámarabilbao University Business Schoolek eskaintzen dituen gradu eta masterretan ikasten duten ikasleek bi saio edo masterclass jaso ahal izango dituzte urtero, klubeko edo Bilbao Basketeko staff teknikoko kideek emanak.